AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / EITB
2025/01/16 09:31

Aurreko astean jakinarazi zuten Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu ohiak, Gotzone Sagarduik, enpresa pribatuan muturra sartu duela dagoeneko: bera izango da Gasteizko (Araba) Vithas San José klinika pribatuko mediku-zuzendaria. Baina Sagardui ez da, Osasun Sailean kargu publiko bat izan ostean, berriki enpresa pribatura jauzi egin duen politikari bakarra: sailburuaren eskuineko eskua izandako Mikel Sanchezek ere bide berdinari heldu dio.

2019an hasita, Sanchez doktorea izan zen Osasun Saileko Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko zuzendaria, Nekane Murgaren lekukoa hartuta. 2020ko martxoan eta apirilean hartu zuen lehen lerroa, epe laburrean izan bazen ere, bera izan baitzen COVID-19ari lotutako berriak ofizialki ematen zituena. 2024ko udan utzi zuen kargua, Sagarduik bezala, eta azaroan bertan fitxatu zuen entitate pribatu batek: Mutualia, EAEko mutualitate nagusia. Itxura denez, enpresako mediku-zuzendaria da Sanchez.

Kargu publikoa laga eta hiru hilabete eskasera sartu zen Mutualian, Jaurlaritzaren baimena lortuta. Izan ere, kargu publikoen eta entitate pribatuetako jardunaren artean egon daitezkeen "bateraezintasunak" ikertzeko batzorde bat dauka Jaurlaritzak: teorian, 2014tik, gobernuak mugatuta dauka agintariek ardura publiko bat utzi eta hurrengo bi urteetan korporazio pribatuetan izan dezaketen jarduna. Hala ere, erabat pasibo mantentzen da askotariko ate birakarien aurrean, Sanchezen nahiz Sagarduiren kasuan erakutsi duen bezala.

Mutualiak Espainiako Estatu osoan egiten du negozioa langileen aseguruekin, eta 430.000 behargin inguru barne hartzen ditu. Osakidetzak harreman estua du enpresarekin: 2022an sinatu zuten lankidetza-akordio bat eta, besteak beste, pazienteen mediku-historiak partekatzen dituzte. Osakidetzak Mutualiara bideratzen ditu osasun publikora jotzen duten milaka behargin, batez ere traumatismo kasuetan. Kontratazio publikoei buruzko atariak dio Jaurlaritzak iaz egin ziola azken ordainketa erraldoi bat Mutualiari, 300.000 eurokoa, traumatologiari lotuta.

EZ DAGO IRUZKINIK