Energia berriztagarriei lotutako proiektu mordoa dago mahai gainean Araban. Zehazki, bertarako 83 egitasmo aurkeztu dituzte berriki hainbat enpresak. Horiek guztiak, oro har, eguzki-panel fotoboltaikoz osatutako parkeak dira, eta landa-eremuan egitea aurreikusita dago.
Araba Bizirik plataformak nabarmendu duenez, azken lau urteetan, %7 murriztu dira nekazaritza-lurrak Araban. Energia berriztagarria ekoizteko proiektuak ugarituz gero, gainera, nekazaritza-lurrak are gehiago murriztuko direla ohartarazi du. Izan ere, azaldu du Solaria bezalako enpresa handiek dirutza eskaintzen dietela laborariei, eta askok onartzen dutela azkenean euren lurrak saltzea.
Araba Bizirikek ez ezik, AHTrik Ez, Mendiak Aske edota Horrela Ez plataformek ere seinalatu dute egoeraren larritasuna. Ramiro González Arabako Ahaldun Nagusiak, jendearen "egonezina" baretu nahian, defendatu izan du 83 proiektu horietatik "gehienek" ez dutela "aurrera egingo". Antza, aurkeztutako proiektu askok "ez dituzte ezarritako baldintzak beteko" eta, beraz, atzera botako omen dituzte.
Energia berriztagarriei esker negozioa egiten duten enpresak, ordea, hasi dira jadanik proiektu horietan inbertitzen. Solaria bezalako enpresen estrategia da, Araban salatu izan dutenez, lurrak erosten edota alokairuan hartzen hastea. Gonzálezek berak aitortu du, mahaira atera dituzten proiektu guztiak egikarituko ez diren arren, beste asko jar ditzaketela martxan. "Ez da posible berriztagarrien proiektu batek berak ere aurrera ez egitea", aldarrikatu zuen aurreko astean.
Aldundiak zentsura ezarri du
Bien bitartean, Solariaren aurkako pankartak kendu ez ezik, norbanakoen etxeetako pankartak erretiratzeko agindua eman izan du Arabako Foru Aldundiak. Gorbeialdean, esaterako, eskualdeko pankarta guztiak kendu zituen diputazioak joan den ekainean. Hori gutxi balitz, Foru-Errepide Zerbitzuaren gutun bat jaso zuten hainbat pertsonak, Solariaren eta proiektu txikitzaileen aurkako pankartak ken zitzatela esanez.
Bizilagunek "presio eta intimidazio" neurritzat jo dute hori, bai eta "adierazpen askatasunaren aurkako" neurritzat ere. Hala, proiektuak kritikatzen dituztenak "isilarazten" saiatu direla azpimarratu dute, "makroproiektu energetikoak sustatzen dituzten enpresa handien interesak" babestuz.