"Emakume langileak zapaldutako subjektu gisara existitzen jarraitzen" duela adierazi du GKSk: "Kapitalismoak ez du bere garapen historikoan genero zapalkuntza ezabatu, eta ez dirudi etorkizunean horretarako baldintzak jarriko dituenik". Izan ere, horren bitartez, "kapitalismoak langileriaren gaineko esplotazioan" sakontzen duela dio: "Funtzionala den heinean, genero problematika beharrezko elementua da kapitalismoan".
Hortaz, "kontrara", "proletalgoaren antolakuntza politiko integrala" aldarrikatu dute GKSko kideek; "zapalkuntzen desagerpenerako baldintzak jartzeko", "egungo blokeo politikoa gainditzeko", eta "emakume proletarioaren babesgabetasun egoerari modu eraginkorrean amaiera emateko".
EMAKUME PROLETARIOA KRISIAN
Krisi testuinguruan eta hari lotutako proletarizazioan, "bizi kalitatearen txartzea bere azalean modu gordinenean pairatu duena" emakume langilea izan dela nabarmendu du GKSk. Hala, "testuinguruaren lazgarritasunaren adibide modura", "estatu burgesetan matxismoak eta biolentzia matxistak duten presentzia" izan dute gogoan.
"Emakume langilearen aurkako biolentzia modu sistematikoan eta normaltasunez ematen da gizarte burgesean, kasu gehienetan inpunitate osoz eta matxismoaren bitartez normalizatuta", gaineratu dute.
ITAIAREN EKARPENA
Bestalde, egunerokotasunean eta "dimentsio teoriko zein praktikoan", "emakume proletarioaren interesak eta optika politikoa defendatzen dutenen lana azpimarratu" nahi izan du Gazte Koordinadora Sozialistak. Hain zuzen, "genero problematikaren klase irakurketa sozialista" indartzen zein "emakume langileen defentsarako indar antolatuaren eraikuntzan ekarpen handia" egiten ari direla nabarmendu du.
Aipamen berezia egin diote Itaiari, "emakume langilea zapaldutako subjektu izatetik subjektu politiko izatera igarotzeko baldintzak sortzen ari delako", eta "emakume langilearen eta, oro har, proletalgoaren heziketa politikoa bultzatzen ari delako etengabe", "klase kontzientzia zabaltzea" ipar. Genero problematikaren irakurketa sozialista eta langileriaren defentsarako antolakuntzaren garrantzia azpimarratu nahi izan du GKSk komunikatuaren amaieran.