AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2022/05/19 08:57

Emakume gazteek sare sozialetan pairatzen duten jazarpenaren inguruko ikerketa bat eskatu zuen Espainiako Estatuko Emakumeen Institutuak, eta zenbait daturen berri eman dute jada. 16 eta 24 urte arteko emakumeen bizipenak aztertu dituzte, eta bildutako informazioaren arabera, %79,8k jasan dute jazarpena noizbait: ehuneko horrek dio inoiz bidali dizkietela mezu tematiak, eduki sexualeko argazki edo iruzkinak, mehatxuak, irainak edo isekak, edo haien informazio zein eduki pertsonala sare sozialetan argitaratu dutela haiek horretarako baimenik eman gabe. Dena den, %45,7k kokatzen dituzte jarrera horiek jarrera erasokor edo jazarpen gisara.

%32,3k jaso dituzte eduki sexualeko argazki edo iruzkinak haiek halakorik eskatu gabe, eta %25i bidali dizkiete geratzea eskatzeko mezu tematiak, aurretik mezu horiei ez erantzun arren edo gonbidapenen bati dagoeneko ezetz esan arren. Bestalde, %20,5ek jakinarazi dute mehatxuak, irainak, isekak edo mezu mingarriak pairatu dituztela sare sozialetan, eta %13,2k esan dute haien sekretuak, informazio pertsonala edo irudiak igo dituztela sare sozialetara haien baimenik gabe, edo horrekin mehatxu egin dietela.

Instagram da jazarpen hori gauzatzeko gehien erabiltzen den sare soziala (%80), eta Whatsapp plataformak jarraitzen dio atzetik (%48). Facebook dago hirugarren postuan (%17).

Jazarpen motak

Bi jazarpen mota bereizi dituzte ikertzaileek: afektibo-sexuala —gizon batek, sare sozialen bidez, modu jarraituan eta tematian jazartzen dionean emakume bati— eta cyberbullyinga —hezkuntza-eremuari lotuta gertatzen da batez ere, taldean, eta irainak zein mehatxuak izaten dira nagusi, baita baimenik gabe informazio faltsua nahiz pertsonala argitaratzea ere—. Inkesta erantzun duten emakume gazteen %66k diote noizbait jasan dutela jazarpen afektibo-sexuala, eta %34k adierazi dute ciberbullyinga egin dietela.

Ondorioak

Sufritutako eraso horien ondorioak ere nabarmenak izaten dira. %59,3k sentitu dute haserrea, ezintasuna edota nazka, eta %57,2k segurtasunik eza edota beldurra. %16,3k, bestalde, erru-sentimenduak ere izan dituzte.

Hamarretik lau dira, gainera, gerora depresioa, paranoia edota elikadura-nahasmenduak garatu dituztenak, eta %12k pentsatu izan dute beren buruaz beste egitean.

EZ DAGO IRUZKINIK