AKTUALITATEA / Indarkeria matxista
Emakume batek salatu du gizonezko batek eraso egin ziola hilaren 11n, Bilbon
Urtarrilaren 11an izan zen sexu erasoa, Bilboko Gurutze auzoko taberna batean. Asteburu horretan, gutxienez, beste sei emakumeri egin zieten eraso Euskal Herrian.
2020eko urtarrilaren 20
Emakume batek salatu du gizonezko batek eraso egin ziola hilaren 11n, Bilbon

EITB-k gaur jakinarazi duenez, hilaren 11n, larunbata, emakume bati eraso egin zion gizonezko batek Bilbon (Bizkaia). Gurutze auzoko taberna batean jazo zen sexu erasoa, eta bi egun beranduago aurkeztu zuen salaketa emakumeak. Urtarrilaren 14an atxilotu zuten erasotzailea, eta epailearen aurretik igaro zen arren, hedabideek ez dute argitu zein izan zen haren gaineko erabakia.

Asteburu berean, gutxienez, beste sei eraso izan ziren Euskal Herrian. Hiru emakumeri eraso egin zieten haien bikotekideek Gasteizen (Araba) eta Iruñean (Nafarroa); Iruñean, bikotekide ohiarengandik urruntzeko agindua urratu zuen gizonezko batek; eta Gasteizen, sexu harremanak izateko emakume batekin harremanetan jarri ostean, eraso egin zion gizonezko batek. Horretaz gain, Tuteran (Nafarroa), emakume bat bortxatu zuen gizonezko batek, diskoteka batetik irtetean.