AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Atzo Baionan egin zuen protesta Ipar Euskal Herriko Itaiak.
2024/05/06 09:22

Beste erailketa matxista bat izan da Euskal Herrian, oraingoan, Donibane Lohizunen (Lapurdi): emakume bat erail du bere bikotekideak. Aurreko ostiralean aurkitu zuten hilik andrea, hotel batean, eta gerora jakinarazi dute "krimen bortitza" izan dela; aurrez prestatutako erailketa bat izan ote den ikertzen ari omen dira orain.

Emakumea hilik topatu bezain pronto atxilotu zuten bere bikotekidea, hura galdekatzeko. Baionako (Lapurdi) komisarian daukate atxilo, eta, oraingoz, ez dute askatuko. 37 urte ditu erasotzaileak, eta aurrekariak ditu indarkeria matxistagatik.

Joan den apirilean bertan, antza bere bikotekidearengandik ihesi, bosgarren solairutik salto egin zuen emakume berdinak. Komunikabide ugarik eman zuten gertatutakoaren berri: Ziburuko (Lapurdi) hotel batean izan zen, eta oso larri zauritu zen 30 urteko andrea. Hil ala bizi izan zen ospitalean.

Orduan jakinarazi zuten Poliziak "begitan" hartuta zeukala gizonezkoa, indarkeria matxistari lotuta. Hala ere, apirileko gertakarien ondotik bi egunez galdekatu ostean, aske utzi zuten.

Itaiaren protestak

Erailketa matxista hau ere gogor salatu du Itaia Emakumeon Antolakunde Sozialistak. "Emakume langileon aurkako erasoak etengabe gauzatzen dira, gure zaurgarritasun egoera baliatuz", azaldu du: "Horiek ordea, ez dira gertakari isolatuak, emakumeok zapalduta mantentzen gaituen gizarte baten adierazpen muturrenekoak baizik". Beraz, beharrezkotzat jo du "indarkeria matxista gainditzeko antolakuntza politiko independentea indartzea eta norma kultural matxista borrokatuko duen jarduna lehen lerroan jartzea".

Itaiak Euskal Herriko hainbat herritan deitu du azken erailketa matxistaren kontra mobilizatzera. Atzo, igandean, Baionako auzitegi aurrean egin zuen protesta bat Ipar Euskal Herriko Itaiak. Horretaz gain, Azpeitian (Gipuzkoa), Azkoitian (Gipuzkoa), Tolosan (Gipuzkoa) eta Zestoan (Gipuzkoa) ere izan ziren protestak.

Gaurko eta biharko ere egin ditu mobilizazio deialdiak Emakumeon Antolakunde Sozialistak; hala nola, Irunen (Gipuzkoa), Iruñean (Nafarroa) eta Zarautzen (Gipuzkoa).

EZ DAGO IRUZKINIK