AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / andra.eus
2023/11/14 10:02

Aurreko larunbatean, agerraldi indartsu bat egin zuten Zumaian (Gipuzkoa) emakume arrazializatuen, migratuen eta ijitoen Euskal Herriko hogei kolektibo inguruk. Modu horretan jakinarazi zuten ez dutela bat egingo datorren azaroaren 30erako deituta dagoen grebarekin, deialdiak pertsona ugari kanpo uzten dituela argudiatuta.

Azaroaren 30erako greba deialdiak zaintza-lanen auzia eraman du erdigunera, eta, hain zuzen ere, horri erreparatuta egin dute kritika Zumaian bildu ziren kolektiboek. Seinalatu dutenez, zaintza-sektorean, emakume arrazializatuak, migratuak eta ijitoak dira zapalduenak. Nagusiki, haiek dira zaintzarekin lotutako soldatapeko lan gehienak euren gain hartzen dituztenak, baldintza latzetan.

Dena den, hain justu pertsona horiek dira greba egiteko eskubidea inola ere bermatuta ez daukatenak, agerraldian azaldu zutenez, askok "sektore arautu gabeetan edo babes sindikalik gabekoetan" jarduten dutelako. Langile egoiliarren kasua bereziki nabarmena da, eta kontraturik edota erroldarik ez izatea ere, zoritxarrez, ohikoa da zaintzako beharginen artean. Horrek guztiak zaildu eta ezindu egiten du grebara jo ahal izatea. "Zaintzaren pisua daramaten kide arrazializatu, migratu, ijito eta baita euskaldun zuri asko ere kanpo geratuko gara, horretarako baldintzarik ez dugulako", esan zuten larunbatean.

Beraz, greba deialdiek ez dituztela langile horiek barne hartzen gaitzetsi zuten Zumaiako agerraldian, eta horri lotuta erabaki dutela deialdiarekin bat ez egitea. Iritzi diote, gainera, ez direla kontuan hartu haiek zalantzan jarritako auziak. Gogorarazi dute, bestalde, urte luzez egin dutela borroka, besteak beste, migratutako 500.000 pertsona ingururen egoera administratiboa egonkortzeko, zaintzako langileen kontratuak erregularizatzeko, sektoreko beharginak aitortuak izateko, eta abar.

Agerraldian beste aldarri eta eskaera batzuk ere atera zituzten mahaira; esaterako, astean 35 orduko muga izatea zaintzako lanaldiek, paperik gabeko pertsona migratzaileen egoera erragularizatzea, udalek erroldan izena emateko erraztasunak jartzea, "feminismoa deskolonizatzea", edota kolektibo horiek "hitz egiteko duten gaitasuna aitortzea".

Azaroak 30. Greba eskubiderik gabe lelopean, ondoko kolektiboek egin dute bat adierazpen horiekin, besteak beste: Malen Etxea, Emakume Migratu Feministak-Soziosanitarioak, Euskadiko Emakume Ijitoen Elkartea (AMUGE), Euskal Herriko Emakume Migratuen eta Arrazializatuen Sarea, Famek, Euskadiko Komunitate Beltz Afrikarra eta Afrikar-ondorengoa, Abya Yala Elkarte Sozio-Kulturala, Romi Berriak-Gazte Ijitoak, Bidaya Emakume Musulmanen Elkartea, Nafarroako SOS Arrazakeriako Juntas Nos Cuidamos Etxeko eta Zaintza Langileen Taldea, Safa, Wayra Emakumeen Elkartea, eta abar.

EZ DAGO IRUZKINIK