AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / Aitziber Arzallus/Urola Kostako Hitza
2023/02/28 11:50

Zestoako (Gipuzkoa) Gazte Asanbladak atzo jakinarazi zuen berehalakoa izan daitekeela Gaztetxe berriaren hustea, zentroko lokalaren birjabetzearen kontrako salaketa bat aurkeztu baitu eraikinaren legezko jabeak; Elizak. Asanbladako kideek aurreko astean azaldu zuten lokalera sartu zirela, Gaztetxea zentrora tokialdatuko dela ziurtatzeko eta azpiegitura-arazoari irtenbide bat emango zaiola bermatzeko. Bi urte igaro dira asanbladak Gaztetxea lekualdatzeko borrokari ekin zionetik, eta urtebete baino gehiago, udalarekin eta Elizarekin sortutako negoziazio-mahaian, Gaztetxea zentroko lokal horretara aldatzeko konpromisoa hartu zenetik.

Birjabetutako espazio berrian tinko jarraitzen dute Zestoako Gazte Asanbladako kideek, eta elkartasun egitarau bat antolatu dute larunbat honetarako, martxoaren 4rako. Inguruko zenbait eragileren eta Langile Kontrolpeko Espazioren babesa jaso dute ekimen horretan; hain justu, Azkoitiko Gazte Asanbladarena, Azpeitiko Gaztetxearena, Azpeitiko Esklabak Zentro Sozialistarena, Argizulo elkartearena, Zumaiako Etxape Zentro Sozialistarena eta Zarauzko Danda Gazte Asanbladarena.

Larunbatean, zehazki, 09:30ean Zestoako Gaztetxe berrira bertaratzera deitu dute asanbladako kideek. Gaztetxean auzolanean arituko dira goiz osoan zehar, eta bazkaltzeko aukera izango da gero. Solasaldi baten ondoren, mobilizazio bat egingo dute 19:00etan hasita, Zestoako kaleetan. Gaztetxea zentrora tokialda dezatela exijituko dute manifestazioan, bai eta Gaztetxearen auziari behin betiko irtenbide bat eman diezaiotela ere.

EZ DAGO IRUZKINIK