AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2022/12/27 10:08

70eko eta 80ko hamarkadetan, elizgizon batek sexu-abusuak egin zizkien hainbat haurri Bermeoko (Bizkaia) San Jose eskolan, berriki argitara atera denez. Bilboko (Bizkaia) Santutxu auzoko Berrio-Otxoa eskolara tokialdatu zuten gero, eta han ere beste hainbat umeri egin zien eraso. Oraingoz, hamabost lagunek salatu dituzte elizgizon horrek egindako abusuak. Horren harira, protestara deitu zuen Busturialdeko Itaiak: atzo iluntzean, elkarretaratze bat izan zen Bermeoko Goiko Plazan, Erasoen aurrean inpunitaterik ez! aldarripean. Abusuak jasan zituzten hainbat lagun ere izan ziren protestan.

Kontzentrazioaren bukaeran, "instituzio erreakzionario" modura seinalatu zuten Eliza Itaiako kideek, "zabaltzen dituen balio eta praktika kontserbadoreengatik". Adibide gisa aipatu zituzten "abortuaren kriminalizazioa" edota "iritzi atzerakoi eta tradizionalak". Ohartarazi zuten, beraz, azken urteetan eliza-eremuan ezagutzera ematen ari diren sexu-abusu eta pederastia kasuak ez direla "modu isolatuan ulertu behar": "Zaurgarritasun egoeraz baliatuz, adin txikikoen kontrako indarkeria inpunitate osoz gauzatu izan dute". Emakumeen kasuan, abusu horiek "gizarte kapitalista ezaugarritzen duen arau kultural matxistaren baitan kokatu" behar direla gaineratu zuen Itaiak, eta "emakumeok bigarren mailako subjektu bihurtzea" dela horren helburua.

Instituzio publikoak, "erasoen kontra azaldu arren", horri guztiari "erantzuteko mugekin topatzen" direla seinalatu zuen Itaiak: "Prozesu judizial luze eta nahasiak, ezerezean geratzen diren epaiketak, traba burokratikoak, erasotzaileen inpunitate osoa, elkartasun eta babes mezu hutsalak, eta abar". Adibide modura jarri zuten Bermeoko Udalaren azken egunetako jarrera: "Erasotuekiko babes mezuak eta erasoen gaitzespena zabaldu ditu alde batetik, baina hori salatzeko dagoen deialdiaren [atzoko elkarretaratzea] zabalpena oztopatu du beste alde batetik, horretarako erabili diren bitartekoak, hala nola kartelak eta pankartak, denbora osoan kenduz". "Aurreko denak erakusten du instituzioek daukaten eraginkortasun eta borondate falta eta, gainera, euren aurpegi zuriketarako erabiltzen dituztela halako kasuak", gehitu zuten Itaiako kideek: "Indarkeriarekin amaitzeko irtenbidea ez da berau betikotzen duenaren aldetik etorriko".

"Egiturazkoa den indarkeriari egiturazko konponbidea ematea" jo zuen beharrezkotzat Busturialdeko Itaiak: "Indarkeria matxistarekin amaitu nahi izanez gero, biolentzia oro normalizatzen eta areagotzen duen gizartearen errotiko eraldaketa izan behar da". Bide horretan, "instituzioekiko modu independentean antolatzera" deitu zuen, "emakumeok gure babeserako bitarteko propioak garatzeko, besteak beste, gutxinaka indarkeria matxistarekin amaitzeko borrokak martxan ipinita". "Modu berdinean, erasotzaileen aurrean erantzun eraginkorrak eman behar ditugu, aurrekari sozialak ipiniz eta erasotzaileen inpunitatearekin amaituz", xehatu zuten Itaiako kideek.

EZ DAGO IRUZKINIK