AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / La Tribuna de Automoción
2025/03/28 10:22

Ekoizpenerako aurreikuspenak jaisten jarraitzen du automobilgintzako Mercedes multinazionalak. Gasteizko (Araba) fabrikan, urte honetan 124.634 furgoneta ekoiztea aurreikusi zuen hasieran, azken urteetako kopururik baxuena. Baina, azkenean, are gehiago murriztu du jarduera: 2.000 ibilgailu gutxiago izango dira, 122.634 inguru.

Hainbat iturriren arabera, murrizketa horren kausa ez da AEBek Europako produktuei ezarritako muga-zergak garestitu izana, Mercedesek ustez ez baitu hara bidalketarik egiten. Badirudi ekoizpena mugatzearen arrazoia eskaeran izandako beherakada dela, zehazki, Asiaren partetik areagotutako lehiakortasunari lotuta. Eta, hori gutxi balitz, hainbat iturrik diote Mercedesek ibilgailu elektrikoen alde egindako apustua zalantzagarria dela momentuz. Horri emandako erantzun bat izan daiteke enpresako zuzendaritzak bat-batean jakinarazi izana diesel eta gasolina bidez funtzionatzen duten ibilgailuen ekoizpenari ere helduko diotela Gasteizen.

Azken hilabeteetan, lan-hitzarmenak baimentzen duen malgutasunaz baliatu da Mercedes, baina neurri zehatz batzuk hartzen ari da jadanik: hilabete honetan murriztu ditu lan-txandak, gaueko txanda ezabatuz, eta behin-behineko 180 eta 300 langile artean kaleratu ditu. Momentuz ez dute kaleratzeen inguruko datu zehatzik eman.

Eta aldaketa gehiago ere aplikatuko dituzte datozen asteetan: hilabete honen amaieran sartuko da indarrean bederatzigarren ordua arratsaldeko lanaldian (14:00etatik 23:00etara arituko dira), apiriletik aurrera lanegunak izango dira larunbat gehienak, eta maiatzean bederatzigarren ordua gehituko diote goizeko lanaldiari ere. Ikusteke dago oraindik ea zer gertatuko den udan, baina hainbat iturrik iradokitzen dute abuztuko geldialdia luzatu egingo duela zuzendaritzak.

EZ DAGO IRUZKINIK