AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2021/05/24 11:07

Ekaineko lehen hamabostaldian joko dute grebara Petronorreko beharginek, bederatzi egunez jarraian. Enpresako zuzendaritzak aldi baterako enplegu-erregulazioko espediente bat ezarri du Muskizko (Bizkaia) findegian, eta langileen herenari eragingo die gutxi gorabehera; alegia, 354ri.

Espedientea maiatzaren 3an sartu zen indarrean, eta zuzendaritzak apirilean jakinarazi zuenez, gutxienez urte amaierara arte iraungo du. Dena den, bi unitatetan abuztuaren 18ra arte atzeratu dute neurriaren ezarpena, merkatuan "susperraldi zantzuak" egon daitezkeela argudiatuta. Zuzendaritzak dio "aldakorra" izan daitekela espedientearen eragina, merkatuaren egoeraren arabera. Lau unitate eten zituzten maiatz hasieran.

Langile batzordeak hilabete honetan salatu duenez, ordea, beste langile batzuei eman dizkiete aldi baterako lan-erregulazioko espedientearen eraginpean dauden beharginen lanak. Horrek, langileen ustez, "neurriaren zentzugabekeria" erakusten du.

Protestak

Langileek hainbat orduko lanuzteak egin dituzte hilabete honetan, baita mobilizazioak ere. Maiatzaren 7an, esaterako, Bilbon (Bizkaia) atera ziren kalera, ITP Aeroko eta Tubacexeko beharginen babesarekin. Dena den, espedientea indarrean sartu aurretik ekin zieten protestei langileek, zuzendaritzak neurriaren berri eman bezain pronto.

EZ DAGO IRUZKINIK