Joan den uztailean jakinarazi zuten hiru lagun etxegabetuak izateko arriskuan zeudela Eibarren (Gipuzkoa), eta hain zuzen, atzorako, irailaren 21erako, zegoen ezarrita pertsona horietako baten kaleratzea. Deba Bailarako Kontseilu Sozialistak eta Sadaqa elkarteak, dena den, horri aurre egiteko bide bati ekin zioten elkarlanean, inor "kalean ez geratzeko konpromisoari helduta". "Kasua nola bideratu zitekeen aztertu" ostean, helegite bat aurkeztu zuten bi eragileek, etxegabetua izatekoa zen pertsonaren "zaurgarritasun egoerari" azpimarra eginda; "errentzatzailearekin elkarrizketa-mahai bat irekitzea" ezinezkoa izan dela azaldu dute Kontseilu Sozialistako kideek.
Emaitzak izan ditu irekitako bide judizialak: helegitea onartu dute eta, beraz, atzera bota dute atzorako finkatuta zegoen etxegabetzea. Kontseilu Sozialistak, baina, ohartarazi du "muga nabarmenak" dituztela "helegiteek eta bide judizialek", "jabetza pribatua etxebizitza eskubidearen gainetik babesten dutelako, legeetan jasotzen ez diren kasuak direlako zein prozedura burokratikoek horien aplikazioa guztiz oztopatzen dutelako".
Gaur egun bizitzen ari garen "bizitzaren garestitze orokorrak", gainera, "biztanleriaren pobretze orokorra" dakarrela salatu dute Kontseilu Sozialistako kideek. Horrek, besteak beste, "miseria gero eta gehiago hedatzea" eta "etxegabetze kasuak ohikoagoak egitea" eragiten du, haien esanetan. "Horren aurrean, antolakuntzaren garrantzia nabarmendu" dute; "izan ere, langile klasearen baldintza materialen defentsan, hori da aukera bakarra". "Doako eta kalitatezko etxebizitza unibertsala" aldarrikatu du Kontseilu Sozialistak, eta azpimarratu du hori lortzeko "ezinbestekoa" dela "antolakuntza komunista artikulatzea eta hedatzea".