AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Argazkia: Gedar
2019/12/30 10:43

Atzo, abenduak 29, Krisiaren Seme-alabak Sare Sozialistak antolatutako manifestazioa izan zen Azpeitian (Gipuzkoa). 19:00etan hasi zen mobilizazioa, Elkarrengana lotuz, kateak hautsi! lemapean. Azpeitiko kaleetan barrena, zuzien suen gidaritzapean egin zuten ibilbidea Euskal Herri osoko ehunka pertsonak, eta langile borrokaren aldeko oihuak entzun ziren bidean zehar.

Mobilizazioaren amaieran, hainbat puntu ekarri zituzten gora manifestariek; hala nola, mundu osoan hedatzen ari den "proletarizazio basatia" zein prozesu hori biziarazten duten "aldaketa estrukturalak", lanpostuetan erailak izan diren beharginak, langileen egunerokoan ernaltzen diren "bizi-ohitura despolitizatzaileak", zein langile klasearen barruan sortzen diren "figura diziplinarioak".

Dena den, "krisialdiaren hamarkada amaitzen ari den honetan", "langile borrokaren duintasunak eta borrokak" pizturik jarraitzen duela nabarmendu zuten Krisiaren Seme-alabek. "Langileriaren bizi baldintzen kaskartze etengabearen" aurrean, Euskal Herrian hamaika borroka loratu direla azaldu dute; esaterako, Bizkaiko metalgintzako langileen edota EHUko garbitzaileen kasuan.

"Autodefentsa eta auto-antolakuntzaren beharra" azpimarratu zituzten atzo Azpeitian, "langileriaren grin borrokalaria" erdigunera eramanez eta horri "bide egokia egiteko" beharra aldarrikatuz: "Langileria delako bere bizi baldintzak hobetu ditzakeen subjektu posible bakarra".

Eragileen babesa

Hainbat izan dira Krisiaren Seme-alaben atzoko deialdiari babesa adierazi dioten eragileak. Besteak beste, Ikasle Abertzaleak ikasle antolakundeak eta Gazte Koordinadora Sozialistaren eskualdeko taldeak bat egin dute mobilizazioarekin, baita Azpeitiko Gaztetxeak, Zestoako Gazte Asanbladak, Zarauzko Danda Gazte Asanbladak zein ELA sindikatuak ere.