AKTUALITATEA / Errepresioa

Ehunka lagunek salatu dute Babacar Wellen erailketa, Hondarribian

Astelehen arratsean udaltzaingo batek Welle erail zuen, hiru aldiz tirokatuz bular aldean. Jende andanak erantzun dio komunitate senegaldarraren deialdiari, Babacarrentzat justizia eskatuz.
2026eko irailaren 30 - 05:58
Ehunka lagunek salatu dute Babacar Wellen erailketa, Hondarribian

Atzo arratsaldean, ehunka lagun elkartu ziren Hondarribian (Gipuzkoa), 46 urteko Babacar Welleren erailketa salatzeko. Herriko komunitate senegaldarrak egin zuen deialdia, erailketa salatzeko, justizia eskatzeko, eta hedabideen "enpatia falta" seinalatzeko.

Arratsaldeko 17:00ean ekin zioten elkarretaratzeari. Senideek, lagunek eta ezagunek, dozena bat lagun inguruk hitza hartu zuten Martxoaren 8 plazara hurbildutako jendearen aurrean. Bertaratutakoei eskerrak emateaz gain, Babacarrena "gizatasunik gabeko" erailketa bat izan dela adierazi zuten. Izan ere, astelehen gaualdean erail zuen herriko udaltzaingo batek, hiru aldiz tirokatuz bular aldean.

"Enpatia falta" ikaragarria izan dela adierazi zuten komunitate senegaldarreko kideek: bai Poliziarengandik, bai hedabideengandik. Hain zuzen, azken horiek berehala zabaldu zuten polizia-iturrien errelato kriminalizatzailea, baina senegaldarrek salatu dute inor ez dela joan komunitateko senideengana edo lagunengana erantzun eske. Welle oso gaixo zegoela gogorarazi dute, buruko nahasmenduak baitzituen.

Manifestariek errespetua eskatu zuten pertsona ororentzat, irizpide etnikoak edo erlijiozkoak alde batera utzita. Izan ere, etorkinen komunitateek maiz kriminalizazioa pairatzen dutela eta bigarren mailako hiritarrak bailiran tratatzen dituztela azpimarratu zuten. Haatik, urte asko dira komunitate senegaldarreko lehen kideak Hondarribiara heldu zirenetik. Nabarmendu dute denbora honetan guztian zehar, bada, inoiz ez dutela inolako elkarbizitza-arazorik izan, eta herriko bizitzan "integratzeko" trabarik izan ez dutela. Welleren egoera konkretuan, astelehenean jazotakoa "Poliziaren, gizarte-zerbitzuen eta udalaren porrota" izan dela iritzi diote, eta "gizarte osoak galdu duela ezbehar honekin". Atzo goizean, Igor Enparan alkateak (Abotsanitz) "atsekabetuta" dagoela eta "gizarte gisa porrot" egin dugula adierazi zuen Euskadi Irratian. 

Atzoko mobilizazioan, ordu-erdiko hitz-hartzearen ostean, martxari ekin zioten kaleetan barrena: San Pedro kaletik igaroaz, plazatik Itsasargi kaleko biribilgunera abiatu ziren, Welle hil zuten lekura. Bertara iristean, komunitate senegaldarreko kideek eserialdia eta otoitz egin, eta eraildako kidearen omenez, kandelak piztu eta lore-sortak eskaini zizkioten. Martxari amaiera emateko, Martxoaren 8 plazara itzuli ziren, "Babakarrentzat justizia!" oihupean. Horrez gain, manifestazioan zehar honako aldarri hauek entzun ahal izan ziren: "Inor ez da ilegala, pertsona guztiek eskubideak ditugu!"; "Biolentzia polizialik ez!"; "Arrazakeria polizialik ez!"; edota "Ez dira heriotzak, erailketak dira".

Mobilizazioaren amaieran, eskerrak eman zizkioten manifestazioan parte hartu zuen jende andanari; eta, justizia galdegiten jarraitzeko, beste martxa bat antolatu dute: datorren larunbatean izango da, arratsaldeko 17:00etan Hondarribiko Udaltzaingotik abiatuta.