AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Argazkia: Sugarra gaztetxea
2021/07/11 21:30
Lizarrako (Nafarroa) Sugarra gaztetxeak ekain amaieran deitu zuen manifestazio batera. Hala, Akordioa bete, Sugarra hedatu lelopean, uztailaren 9an ehunka lagunek eskatu zieten Nafarroako Gobernuari eta Lizarrako Udalari duela hiru urte sinatutako akordioak jasotzen dituen baldintzak betetzea. Akordioan, hain zuzen, Capilla modura ezaguna den lekua eta Gizarte Zerbitzuen bulego zaharrak Sugarrari lagatzea adostu zuten, baita horiek lotzeko ate bat eraikitzea ere. Hiru urteren ondoren, eta Sugarra gaztetxeak hari zegokion puntu bakarra bete baldin badu ere, ez dago ez hitzarmen ofizialik, ez lagapenik ez eta atearen obrarik eginda. Hori dela-eta egin zuten manifestaziorako deialdia gaztetxeko kideek.

"Gaztetxeak aurrera", "Jo eta ke irabazi arte" nahiz "Nafarroako Gobernua, bete ezazu zure hitza" oihukatuz, manifestazio jendetsua egin zuten ostiralean Lizarrako karriketan. Aurreko asteetan hainbatek helarazi diete babesa Sugarrari, besteak beste: Pentsionistak Martxanek, Lizarraldeko Gazte Koordinadora Sozialistak, Lizarrako AEK-k, Lizarraldeko Itaiak, Lizarraldeko Ikasle Abertzaleakek, Egakumek, Sesmako Gazte Asanbladak, Garesko Gazte Asanbladak, Artaxoako Gazte Asanbladak zein Tafalla herriak.

Langile kontrolpeko espazioetako indar metaketa

Herriko enparantzan bukatu zen ostiraleko manifestazioa, eta gaztetxeko bi kidek hartu zuten hitza han. Azaldu zuten, akordioa lortzean, Sugarrak berehala bete zuela hari eskatutakoa; alegia, gazte asanbladako kideek ospitale zaharrean okupatutako hamalau etxebizitza uztea. Azkeneko hiru urteetan Nafarroako Gobernuak "alokairu sozialeko etxebizitzen proiektu bat" gauzatu duela eta Gizarte Zerbitzuak bulego berri batzuetara lekualdatu dituztela ere ohartarazi zuten, baina dena den, udala eta Nafarroako Gobernua ez direla gai izan Sugarrari dagozkien espazioak "erregularizatzeko" eta bi eraikinak lotzeko obra egiteko.

Hori dela eta, "eredu instituzionalaren gaindipena" eta "antolakuntza eta borroka ezinbestekoak direla" aldarrikatu zuten Sugarrako kideek. Borroka egin ezean, gaztetxea "huste arriskuaren mamuaren" aurrean egongo litzatekeela salatu zuten, eta "langile kontrolpeko espazioen arteko elkartasunaren eta indar metaketaren" garrantziari egin zioten azpimarra. Zentzu horretan, Erraki Langile Kontrolpeko Espazioen Babes Sareak egiten duen lana nabarmendu eta aldarrikatu zuten, baita Euskal Herriko hamaika txokotatik babesa adieraztera bertaratu ziren gaztetxe eta gazte asanbladei eskerrak eman ere. Azkeneko hitzetan, akordioa bete arte borrokan jarraituko dutela jakinarazi zuten.
EZ DAGO IRUZKINIK