Aurreko larunbatean, hilaren 20an, ehunka pertsona mobilizatu ziren Lizarran (Nafarroa), herriko txosnen alde eta udalaren "hipokrisiaren" kontra. Izan ere, arriskuan dira Lizarrako festetako txosnak, horiek lekualdatu nahi baititu UPNren udal gobernuak. Azken 28 urteetan, autobus-geltokiko aparkalekuan antolatu dute jaigunea, baina udalak San Benitora aldatu nahi ditu txosnak, "modu autoritarioan", antolatzaileek azaldu dutenez.
Euren esanetan, txosnak "dinamika sozialetik urrundu eta isolatu" nahi ditu udalak tokialdaketaren bidez, baita "erreferentzialtasuna eta bideragarritasun ekonomikoa" kendu ere.
Ohartarazi dute, gainera, "San Benitoko ingurunean erasoak gertatzeko arriskua areagotzen" dela "emakumeontzat leku arriskutsuagoa" delako, eta "espaziora doazen gazteen aurkako Poliziaren sarekadak ugarituko" direla.
"UPNk ematen duen argudioa da txosnak ezin direla barraketatik hurbil egon haurrengatik, nahiz eta gurasoen elkarteen inolako kexarik ez egon", jakinarazi dute antolatzaileek. Nabarmendu dute, dena den, "haurrentzako leku bat" ere badirela txosnak, eta urtero antolatzen dituztela gazteenentzako jarduera jendetsuak. Hori gutxi balitz, iaz eman zioten "irtenbidea" auzi horri, "gobernu-taldearen oniritziarekin": "espaziorako sarrera aldatu" zuten.
Exijentziak udalari
Txosnen antolatzaileek gogorarazi dute, beraz, txosnak jartzeko toki egokiagoa dela orain arte erabilitakoa: geltokiko parkinga. Jaigune gisa hori mantentzea nahi dute, eta ezinezkoa izatekotan, argi zehaztu dute zein den gutxieneko muga: "Antzeko baldintzak dituen toki bat eskatzen dugu, eta ez gure baldintzak okertzen dituen espazio bat".