AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2025/02/11 14:31

Alarmak piztu bezain pronto, irmo erantzun zuten Gasteizko (Araba) Farmazia Fakultateko ikasleek: bertako irakasle batek sare sozialetan adierazpen faxistak egin zituela ikustean, elkartu eta antolatu egin ziren, irakaslearen berehalako kanporatzea exijitzeko. Erantzun horri esker hartu behar izan ditu behin-behineko neurriak Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU/UPV) errektoretzak, eta irakaslea kanporatu du momentuz, ikerketa baten bidez "gaia argitu" bitartean. Horrekin nahikoa ez dela ulertuta, baina, lanean jarraitzen du Farmaziako ikasleriak: behin betiko neurriak exijitu dizkio unibertsitateari, faxismoak inolako tokirik izan ez dezan.

Aurreko astean eman zuten irakasle faxistaren berri. Alderdi faxisten eta sionismoaren aldeko mezuak zabaldu zituen bere sare sozialetan, baita askotariko kolektibo zaurgarrien aurkakoak ere. Gerora, seinalatutako pertsonak esan du bere nortasuna faltsutu dutela sare sozialetan eta ez dituela berak idatzi argitalpen faxistak, bere lekua hartu duen norbaitek baizik. Hala ere, lanean eta antolatzen jarraitu dute ikasleek, faxismoari ateak erabat itxi nahi baitizkiote unibertsitatean.

Atzo asanbladak egin zituzten fakultatean bertan, ikasleen artean gaur egungo egoera zein den lantzeko; eta gaur, berriz, fakultateko sarreran egin dute mobilizazio bat, Faxismoa unibertsitatetik kanpo! lelopean. Esan bezala, EHUri exijitu diote behin betiko neurriak har ditzala irakasle faxista fakultatetik kanporatzeko, eta azpimarratu dute, gainera, ez dela unibertsitateko irakasleen artean joera faxistak izan ditzakeen bakarra. Oraingoa kasu isolatu bat ez dela erakusten du, esate baterako, ikasturte honetan bertan Leioako (Bizkaia) Zuzenbide Fakultatean beste irakasle faxista bat identifikatu izanak. Orduan ere, ikasleek antolatuz eta mobilizatuz lortu zuten EHUk irakaslea bota zezala.

EZ DAGO IRUZKINIK