AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / EHU/UPV
2023/03/13 12:46

Infolibre atariak jakinarazi duenez, 2015ean, Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU/UPV) segurtasun buruak gutxienez langile bati buruzko informazioa eman zion Espainiako Poliziari. Kitchen kausari lotuta, Infolibre-k berriki atera ditu argitara garai hartako Espainiako Segurtasunaren Estatu idazkari Francisco Martinezen eta Espainiako Poliziaren UCAO unitateko arduradunen arteko hainbat elkarrizketa. Zehazki, euren arteko Whatsapp mezu batzuk ezagutarazi dituzte. Modu horretan geratu da frogatuta Espainiako Barne Ministerioak arerio politiko posibletzat jotzen zituen pertsonak espiatu zituela 2015. eta 2019. urteen artean, polizia erabilita eta, gehienetan, epaile baten agindurik gabe.

Elkarrizketa horietako batzuetan, EHUko hainbat irakasleri egiten zaie erreferentzia. 2015eko apirileko mezu-trukaketa batean, esaterako, irakasle baten inguruan galdetzen dio Martinezek polizietako bati: "Ba al dakizu zerbait beste honi buruz? Izan al daiteke Podemos edo Bildukoa?". Polizia-agenteak erantzuten dio "Askapenarekin kolaboratzen zuela" irakasle horrek, eta jakinarazten dio EHUko segurtasun buruarekin harremanetan jartzen saiatzen ari dela, informazio gehiago lortzeko. Handik gutxira, unibertsitateko segurtasun buruak emandako informazioari esker, irakaslearen posizionamendu politikoari buruzko zehaztapen gehiago ematen dizkio poliziak Estatu idazkariari: "EHUko segurtasun buruak esan dit orain Podemosekin dabilela".

EZ DAGO IRUZKINIK