AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2025/10/10 10:23

Israel boikot. EHU neurriak orain! aldarritzat hartuta, EHU-Palestina plataformak agerraldi bat egin zuen atzo Ibaetako (Donostia, Gipuzkoa) campusean. Bi helburu nagusi zituen: "Alde batetik, sarearen jardueraren berri ematea, eta bestetik, unibertsitate honetako errektoretzarekin izandako kontaktuak eta horien emaitzen inguruko posizionamendua ezagutaraztea".

2024ko otsailean sortu zuten EHU-Palestina. Prentsaurrekoan gogorarazi zuten egun horietan "agerian geratu" zirela "genozidioaren errealitate gordina" eta "unibertsitateak horrekiko daukan ardura zuzena", eta horiek horrela, "Israelekiko konplizitatearekin apurtzeko beharraren deialdia jaso" eta bere egin zuela plataformak. "EHUko ikasle, irakasle, ikertzaile eta administrazio zein zerbitzuetako langile ugarik antolatzeko pausoa eman genuen, helburu argi batekin: EHUk Israelekin eta genozidioa babesten duten erakunde eta enpresa guztiekin daukan harreman oro etetea, horixe baita Israelek genozidioa gelditzeko presio bide eraginkorrena", gaineratu zuten.

EHUko ikasleen eta langileen borrokaren emaitzak

Eva Ferreiraren errektoretza-taldeari egin zioten exijentzia lehenengo eta Joxerra Bengoetxearenari gero, eta "bi lan-lerro sustatu" dituzte plataformatik: "EHUk sinatuta dituen edo sinatzear dauden harremanak ikertzea" eta "harreman oro eteteko erantzun-mekanismoak antolatzea".

Atzo gogora ekarri zutenez, izan ditu emaitzak borroka horrek: "Ikerketa eta presio horren ondoren zenbait mugimendu etorri dira, besteak beste, Zibersegurtasunaren Katedra bertan behera uztea, edo CAF Ikasgela Ibaetan ez errotzea". Errektoretzak irailaren 17an egindako adierazpenak ere horren ondoriotzat jotzen ditu EHU-Palestinak, eta "positibotzat" hartzen du "2023ko azarotik Israelekin harreman berririk sortu ez izana eta ikerketa-proiektu batzuei uko egin izana, Israelgo Estatuarekin duten loturagatik".

Kritikak errektoretzaren adierazpenei: harremanak mantentzen ditu sionistekin

Bengoetxea buru duen errektoretzak irailean prentsaurrekoa egitean, Ikasle Abertzaleakek (IA) seinalatu zuen ez dela nahikoa "akordio berririk egin ez duzula adieraztea, lehenagotik zeuden harremanak eten ez badituzu". Gainera, oroitarazi zuen EHU-Palestinak hainbatetan eskatu diola errektoretzari sionistekin harremanak eteteko batzorde bat sortzeko, baina momentuz ez dela loteslea espazio hori. EHU-Palestinak ere izan zuen hizpide batzorde hori atzoko agerraldian, adierazi baitzuen bere momentuan "harriduraz" hartu zuela errektoretzak ekimena "bere proposamen propio bezala aurkeztu izana"; "gure taldetik batzorde lotesle bat sortzea aspaldi eskatu baikenuen".

Plataformaren esanetan, muga nabarmenak ditu batzordeak, eta ez dira hautsi EHUk Israelgo Estatuarekin aurrez zituen hainbat harreman: "Adibide batzuk jartzearren, zenbait Horizon proiekturi buruz ari gara; hala nola CAFen egun indarrean dauden praktikaldiak eta Bizkaiko campuseko CAF ikasgela, edo HP enpresarekin duen zerbitzu-kontratua. Horiez gain, Itzarrirekin adostutako pentsio-planak ere nabarmendu nahi genituzke, enpresa horrek funts israeldarrak baititu". Beraz, abisu argia eman zuen atzo EHU-Palestinak: "Oraindik ere, EHUk harremanak izaten jarraitzen du bai Israelekin bai bere konplizeekin".

Borroka bereganatu eta instituzionalizatu nahi du EHUk

Plataformak EHUri eskatu zion ez ditzala Palestinaren aldeko mobilizazioa eta deialdiak "bereganatu eta instituzionalizatu". Esan zuen lanean jarraituko duela estatu sionistarekin harreman oro eten dadin, eta dei egin zien EHUko langileei eta ikasleei bere deialdietara batu daitezen. Horrekin batera, "gure campusetan Palestinaren aldeko mugimenduak izandako jazarpen poliziala salatu eta Poliziarik gabeko unibertsitatea" aldarrikatu zuen, baita "hori bermatzeko beharrezkoak diren neurriak" exijitu ere.

Hala, EHU-Palestinak berriz exijitu zion errektoretzari harreman oro moztu dezala Israelgo Estatuarekin, eta "bide horretan presioa egiten jarraituko" duela ohartarazi zuen. Horri lotuta, bat egin zuen urriaren 15erako deituta dauden lanuzteekin.

EZ DAGO IRUZKINIK