Sare sozialetan alderdi faxisten aldeko edo kolektibo zaurgarrien aurkako komentarioak egiteagatik seinalatutako irakaslea astelehenean itzuli zen Gasteizko (Araba) campuseko Farmazia Fakultatera, klaseak ematen jarraitzeko. Izan ere, Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU/UPV) bertan behera utzi ditu bere aurkako behin-behineko neurriak. Irakasleak salatu zuen sare sozialetako mezu faxista horiek ez zituela berak idatzi: azaldu zuen "eraso zibernetiko" bat jasan zuela eta bere nortasuna "faltsutu" zuela norbaitek. Gernikako (Bizkaia) epaitegia arduratu da ustezko auzia ikertzeaz, baina artxibatu egin du azkenean, ebatzi baitu ez dagoela frogarik ondorioztatzeko irakaslea izan dela mezu horien egilea.
Unibertsitateak irakaslea babestu eta bere bertsioa defendatu du, eta elDiario.es komunikabideari berretsi dio jarrera hori, aldarrikatu baitu irakasleak ukatu egin duela sare sozialetako adierazpen horiek berak argitaratu izana. EHUk, hortaz, iritzi dio ez dagoela "nahikoa arrazoi" gizona eskoletatik baztertzeko, eta, hala, Farmazia Fakultatera itzultzea baimendu dio.
Ikasleek otsailean sare sozialetan identifikatu zituzten iruzkinen artean daude, esaterako: frankismoaren aldeko mezuak ("1945ean, Francok Gabonetako aparteko ordainsaria sortu zuen. 77 urte geroago, oraindik ez da horri uko egiten dion gorririk agertu, eta ez da agertuko"), pertsona migranteen aurkakoak ("Kanpoko jendeari laguntzen eta hemengoak oraindik laguntzarik gabe. This is Spain"), homosexualitatearen kontrakoak ("Bolleria legez kanpo utzi behar da orain"), eta abar. Vox alderdi faxistako Santiago Abascalen aldeko propaganda ere egin du, Israelgo Estatu terrorista defendatzeaz gain.
Argitalpen horien berri izatean hasi ziren antolatzen Farmaziako ikasleak, irakasle faxista kanporatu zezatela exijitzeko, eta horren ondorioz hartu zituen behin-behineko neurri batzuk EHUk. Ikasle Abertzaleak (IA) antolakundeak aldarrikatu zuenez, "irakasle faxistak kanporatzeko ikasle-antolakuntzak duen gaitasuna" erakutsi zuen horrek. Joan den astelehenean EHUren azken erabakiaren berri izatean ere mobilizatu ziren fakultateko ikasleak, eta irakaslearen klasea bertan behera uztea lortu zuten.