AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2025/04/14 08:55

Ekainean beteko dira 50 urte Gabriel Aresti hil zenetik. Bere heriotzaren urteurrenean, Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak (EHKS) seinalatu du Arestiren figura "desitxuratua eta despolitizatua" izan dela urte luzez, eta, horren aurka, poetaren "izaera komunista" aldarrikatu du. Horretarako, eta hainbat auziren inguruko hausnarketa politikoak partekatu ahal izateko, egun osoko egitarau bat antolatu zuen EHKSk, Bilbon. Atzo izan zen jardunaldia, Aresti 50. Euskaldun eta marxista izenburupean.

Egunari hasiera emateko, hiru hitzaldi izan ziren Campos Eliseos antzokiko Kupula aretoan, Paul Beitiak gidatuta. Goraino bete zen aretoa. Arestiren ibilbideari eta lanari buruzko hitzartze bat egin zuen lehenengo EHKSko Garazi Navarrok, goizeko 10:00etan hasita, eta artearen eta politikaren arteko harremanaz jardun zuten gero Kattalin Barcenak eta Beitiak berak, bigarren hitzaldi batean. Hirugarren eta azken hitzaldian Iñaki Martinez de Lunak (soziolinguista eta Garabideko lehendakari ohia) eta EHKSko Aitor Bizkarrak hartu zuten hitza, eta euskararen auziaz nahiz horren gaurkotasunaz aritu ziren. Arestiren esan bat eraman zuten erdigunera horretarako: "Bakeak euskarari kalte egiten baitio".

Idazlearen heriotzaren urteurrenean, eta "zenbait sektore euskaltzaleren biraketa erreakzionarioko" une batean hain zuzen ere, Arestiren "eredua" erreibindikatu du EHKSk, "integrazio politikoan" oinarritutakoa. Hala, Euskal Herriaren eta euskararen askapena "ikuspegi sozialistatik" lantzeko beharra nabarmendu du antolakundeak.

Arestiri buruzko antzezlanaren estreinaldia, Ekidaren eskutik

Egitarauaren barruan, iluntzean, bere azken antzerki-lana jendaurrean aurkeztu zuen Ekida Arte Ekimen Sozialistak. Bilboko Kafe Antzokian izan zen Bigarrenez Aresti etorkizunaren aurrean lanaren estreinaldia, 19:30ean. Ikuskizunak Arestiren figura eta obra eraman ditu taula gainera, bilbotarraren gatazkak eta posizioak azaleratuz. Antzerkia eta musika uztartzen dira, idazlearen olerkiekin eta testuekin egindako abestiak ere sortu baititu Ekidak. Estreinaldian, Kafe Antzokia guztiz bete zuten bertaratutako 500 bat ikusleek.

EZ DAGO IRUZKINIK