AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / EHE
2026/02/06 11:20

Baionako (Lapurdi) epaitegian, atzo goizerako zegoen ezarrita Euskal Herrian Euskaraz (EHE) kolektiboko lau kideren kontrako epaiketa. Iazko irailaren 27an Pirinio Atlantikoetako Departamenduak Baionan duen egoitzan aldarrikapen-ekintza bat egiteagatik auzipetu zituzten, "Euskaraz bizi nahi dugu!" leloa margotu baitzuten bertan. Hala ere, inputatuak bertan egon gabe gauzatu zituzten epaiketa eta kondena, euskaraz deklaratzen saiatu ondoren kanporatu baitzituzten.

Berria-k jaso duenez, Pirinio Atlantikoetako Departamenduak ez zuen ordezkaririk bidali epaiketara. Akusatuek euskaraz hitz egin zuten epailearen aurrean eta horretarako arrazoiak azaldu zituzten, EHEren esanetan, baina ukatu egin zieten haien hizkuntzan aritzeko eta euren burua defendatzeko aukera. "Frantsesa eta gaztelera biziki ongi menperatzen dituzue, beraz ez ditu gure arteko elkarrizketak oztopatzen", esan zuen epaileak.

Horren aurka lurrean eseri ziren laurak, protesta modura, eta Polizia deitu zuen epaileak. Azkenean, ondoko gela batera mugitu zen epai-mahaia, eta bertan egin zuten auzi-saioa, akusatuak presente egon gabe.

Eraikin publiko bat andeatzea leporatuta, kondenatu egin zituzEHEko lau kideak: 1.500 euroko isuna ezartzeaz gain, eskubide zibikoak bi urterako kenduko dizkiote haietako bati, eta 500 euroko zigorrak jarri dizkiete gainerako hirurei.

Joan den abenduan agerraldi bat egin zuen EHEk Baionako auzitegi aurrean, eta bertan euskaraz jardun ahal izateko eskaera formala egin zuen. Atzo, baina, ez zieten aukera hori bermatu. EHEk aurrez jakinarazi zuen, auzipetuek euskaraz hitz egiteko aukerarik ez bazuten, utzi egingo zutela auzi-aretoa. Berria-k jakinarazi duenez, epaileak hitza eman zienean, epaitegian euskaraz mintzatzeko aukera ukatzea urraketa bat zela salatu zuen inputatuetako batek: "Mintzo garen hizkuntza gara". Gainera, kolektiboko militanteak seinalatu zuen auzitegiak baduela euskarazko itzultzaileen zerrenda bat, baina ez zituela deitu atzoko epaiketarako.

Atzoko gertakariak "euskaldunok jasan behar ditugun eskubide urraketen beste adibide argi bat" izan zirela ohartarazi du EHEk: "Gertatuak argi adierazten du zein den, kasu honetan, Frantziako Estatuaren jarrera euskararekiko; euskararen aldeko itxurazko ekintza batzuk egin arren, agintariek euskara heriotzara kondenatzen dute".

EZ DAGO IRUZKINIK