AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / EH Bildu
2025/02/10 09:45

EH Bilduk joan den asteburuan eman du amaitutzat bere hirugarren kongresua, Iruñeko (Nafarroa) Baluarten egindako ekitaldi baten bidez. Kongresu-prozesuan zehar, aurrera begirako hainbat urrats berretsi ditu alderdiak, "ebazpen" modura aurkeztu dituenak. Hiru ebazpeni egin die azpimarra, garrantzitsuena, beste behin ere euskal burgesiaren ordezkari politiko nagusiari eskua luzatzen diona: hainbat hauteskundetan EAJrekin batera "zerrenda bateratuak" sortzearen alde egin du EH Bilduk. Hala dio, zehazki, "Euskal Herriko gehiengoa ordezkatzeko zerrenda bateratuak" sortzea proposatzen duen ebazpenak: "EH Bilduk lehenetsi egingo du zerrenda nazional bateratuak osatzea Senaturako, Kongresurako eta Europako Parlamenturako, oinarritzat hartuta kontsentsu zabaleko minimoen programa amankomun bat".

Maddalen Iriartek azaldu zuen ebazpena asteburuko ekitaldian: "Badira esparruak hauteskunde lehiarako eta bakoitzaren proiektuaren berezitasunak defendatzeko (tokiko eta foru-hauteskundeak, baita autonomikoak ere), baina badaude herri gisa azaltzekoak ere, herri gehiengoak islatzekoak; Europako hauteskundeak, zazpi lurraldeetan egun berean egiten direnak, eta Kongresu eta Senatu espainiarretakoak Hego Euskal Herrian".

Berriz ere EH Bilduko idazkari orokor hautatua izan den Arnaldo Otegik bide hori berretsi eta justifikatu du, esaterako, Radio Euskadin eskainitako azken elkarrizketan: "Une batzuetan lehiatu egin behar dugu, eta beste batzuetan batu. Eskaldunok herri gisa zenbait gai defendatzeko aukera izan beharko genuke". Hainbat hauteskundetan "Euskal Herriari ahots bakar bat" ematea aitzakiatzat hartuta, EAJrekin aliantza esplizituak egiteko proposamena atera du mahaira EH Bilduk, eta Otegik "estatu-itun" deiturikoak defendatu ditu aipatutako elkarrizketan: "Herri modura estatu-itunak behar ditugu, eta ados jarri behar gara funtsezko hiru, lau, bost gauzatan". Aipatzen du "minimoen programa" batean landu beharreko auzietako batzuk izango liratekeela "erabakitzeko eskubidea" edo euskara, baina zehaztapenik egin gabe.

EH Bilduk kongresu-prozesuan markatutako beste bi ebazpenak EHBairekin izan beharreko lankidetzari eta "gobernantza-ereduari" buruzkoak dira. Alde batetik, EHBairi proposatu dio "hausnarketa bateratu" bat egiteko, hartu beharreko "bidearen" inguruan; eta, beste aldetik, "boterea eta gobernantza demokratizatzeko" asmoa jaso du idatziz. Honela dio hirugarren ebazpenak, modu lausoan: "Gobernua osa dezakeen instituzioetan, eta lurralde-eremu horretako baldintzen eta instituzio bakoitzaren izaeraren arabera, bazterketa-dinamikak gaindituko dituzten gobernu kolaboratiboak artikulatzen saiatuko da EH Bildu, parte-hartze herrikoia bideratuz eta gainerako indarrekin erantzukizun-esparruak partekatuz".

EZ DAGO IRUZKINIK