AKTUALITATEA / Jazarpen politikoa
EH Bildu seinalatu dute hainbat herritan, Hernanin Mugimendu Sozialista jazartzeagatik
Mugimendu Sozialistari 3.000 eurotik gorako isun bat ezarri dio EH Bilduk Hernanin, festetan txosna bat jartzeagatik. Euskal Herriko hainbat herritan margoketak egin dituzte berriki, espazio publikoaren pribatizazioaren nahiz errepresioaren kontra, besteak beste.
2022eko abenduaren 27
EH Bildu seinalatu dute hainbat herritan, Hernanin Mugimendu Sozialista jazartzeagatik

EH Bilduk Mugimendu Sozialistaren kontra erabilitako errepresioa salatu zuten atzo Hernanin (Gipuzkoa), Buruntzaldeko Kontseilu Sozialistak antolatutako protesta batean. 200 lagun inguru elkartu ziren Gudarien plazan, Mugimendu Sozialistaren aurka errepresiorik ez! aldarripean. Aurreko astean atera zen argitara Hernaniko Udalak, EH Bildu buru duela, 3.168 euroko isun bat jarri diola Mugimendu Sozialistari, San Joan festetan txosna bat jartzeagatik. Mugimendu Sozialistak ohiko txosnagunetik kanpo jarri behar izan zuen txosna joan den ekainean, Hernaniko Txosna Batzordeak eta udalak debekatu egin baitzioten eremu horretan txosna bat izatea. Beto politiko horri aurre egin zion, ordea, Mugimendu Sozialistak, eta gune horretatik kanpo muntatu zuen txosna bat. Hori aitzakiatzat hartuta ezarri dio zigor ekonomikoa udalak, EH Bilduko alkatearen aginduz.

Atzo Hernanin izan zen protesta, baina Euskal Herriko beste hainbat txokotan ere salatu dute Mugimendu Sozialistak Hernanin jasandako errepresioa; hala nola, Gasteizen (Araba), Bilbon (Bizkaia), Tolosan (Gipuzkoa), Azpeitian (Gipuzkoa), Elorrion (Bizkaia) nahiz Durangon (Bizkaia). Pintaketak agertu dira zenbait herritan, EH Bildu seinalatuz eta, besteak beste, espazio publikoaren pribatizazioaren zein errepresioaren kontra.