Euskal Herria ez dago salgai! lelotzat hartuta, egun osoko egitarau bat prestatu du gaurko Euskal Herria Bizirik plataformak, Gasteizen (Araba). Auzolana pilotalekuan jarri du hitzordua goizeko 10:00etarako: eragileen topaketa-azoka izango da bertan 13:45etara arte. Tartean, lurraren defentsaren kriminalizazioari buruzko mahai-inguru bat egingo dute frontoian bertan, 12:00etan hasita; eta haurrentzako jolasak ere egongo dira bitartean. 13:45ean musika-emanaldi bat eskainiko dute, eta bazkaltzeko tartea izango da horren ostean, 14:30etik aurrera.
Arratsaldean izango da eguneko ekimen nagusia, manifestazio nazional bat antolatu baitu plataformak: 18:00etan abiatuko da Bilbo Plazatik. Euskal Herria Bizirikek aurrez azaldu duenez, mobilizazioan jopuntuan jarriko dituzte "Europatik etorri eta herritar guztiok zorpetu gaituzten diru-partidez aprobetxatu nahi duten enpresari handiak"; baita enpresa horiek martxan jarritako makroproiektu txikitzaileak onartzen eta ahalbidetzen ari diren gobernu guztiak ere.
Horretaz gain, "kapitalismo berdearen promesa faltsuetatik haratago, gaur egun bizitzen ari garen hondamendi ekologikoari aterabide bat emateko beharra", nabarmenduko dute, eta lurraren defentsaren inguruan izaten ari den kriminalizazioa salatuko dute. Azken auzi hori landuko dute, hain zuzen ere, eguerdiko mahai-inguruan.
Duela urtebete eskas aurkeztu zuten Euskal Herria Bizirik plataforma, "indarrak, ezagutzak eta ekintzak batu" baitzituzten Euskal Herrian "lurraren defentsan lanean" ari diren hamaika mugimenduk eta plataformak.