Aurreko igande goizean Donostiako (Gipuzkoa) Dabadaba aurrean izandako gertakariak salatu dituzte berriki, sare sozialetan zabaldutako ohar baten bidez. Izan ere, Egia auzoko diskoteka ixten ari zirenean, gazte migratzaile baten aurka oldartu ziren bertako segurtasun-indarrak: mutilak berokia barruan ahaztu zuen arren, seguratek ez zioten sartzen utzi, eta bota egin zuten. Beraz, gaztearen lagun batek sartu behar izan zuen lokalera jaka berreskuratzera. Gauaren hasieran, segurata horietako bati "Moros de mierda" esaten entzun zioten.
Egoera lasaiturik zegoenean, ordea, polizia-indarrak agertu ziren diskoteka aurrera: Ertzaintzaren auto bat eta furgoi bat bertaratu ziren, adierazpenean zehazten denez. Aipatutako gazte migratzailea inguratu zuten poliziek, jarrera oldarkorrarekin. Gertatutako guztiaren lekuko izan ziren bi pertsona, baina, poliziengana hurbildu ziren, jazarria izaten ari zen gaztea babesteko asmoz. Orduan, haien kontra ere jo zuen Ertzaintzak, eta atxilo eraman zituen bi pertsona horiek. Desobedientzia eta agintaritzaren aurkako atentatua leporatzen dizkiete.
Atxilotuek hainbat ordu igaro behar izan zituzten komisarian, "eta han beren begiekin ikusi ahal izan zuten migratzaileek ziegetan jasaten duten tratu iraingarri eta arrazista", oharrean jasotzen denez. "Hau ez da kasu isolatu bat. Ez da lehen aldia horrelako indarkeria arrazista eta klasista ikusten duguna, ez segurtasun pribatuaren aldetik, ez Poliziaren aldetik", gaineratu dute. Aldarri bat nabarmendu dute, hala: "Migratzaileen eta haiek defendatzen eta babesten ditugunen aurkako eraso sistematiko horiek berehala amaitzea exijitzen dugu".