Europako Indar Armatuei buruzko Ituna (FACE, gaztelerazko sigletan) 90eko hamarkadan sartu zen indarrean (1990eko azaroan sinatu zuten), eta mugatu egiten zuen 30 estatuk eskura izan zezakeen arma kopurua. Mugak jartzen zizkien, besteak beste, NATOren parte diren herrialde guztiei eta Sobietar Batasunaren barruan zeuden hainbati.
Mugak, murrizketak, informazio-trukea eta ikuskatzeak ezartzen zituen hitzarmenak. Zehazki, gerrarako bost lerro mugatzen zituen: tankeak, gerra-ibilgailu blindatuak, artilleriako piezak, gerra-hegazkinak eta erasorako helikopteroak. Bi multzotan banatuta zeuden itunaren parte ziren herrialdeak (NATOko estatuak batetik, eta Varsoviako Itunekoak bestetik), eta bakoitzerako muga batzuk jartzen zituen FACEk. Europako herrialdeei dagokienez, gehienez, ondoko arma kantitatea baimentzen zuen hitzarmenak: 20.000 tanke, 30.000 gerra-ibilgailu blindatu, artilleriako 20.000 pieza, 6.800 gerra-hegazkin eta erasorako 2.000 helikoptero.
Berriki, ordea, akordio hori bertan behera gera dadila agindu du NATOk. 2023ko azaroan erabaki zuen Aliantza Atlantikoa osatzen duten estatuek ituna aplikatzeari uztea, eta herrialde bakoitzeko arma kopurua ez mugatzea. Horretarako, aitzakiatzat hartu zuen Errusiak hitzarmena ez betetzea: 2007an egin zuen atzera hark, ituna deuseztatuta. Vladimir Putin presidenteak urte horretako maiatzean jakinarazi zuen eten egingo zituela akordioaren alderdi operatiboak.
Espainiako Estatuak, men NATOren aginduei
Apurka-apurka ekin diote NATOren parte diren herrialdeetako gobernuek FACE hausteari; tartean, Espainiako Estatua. Joan den maiatzaren 23an, ituna indargabetzearen alde egin zuten PPk, PSOEk, Voxek, Sumarrek eta Talde Mixtoko hiru kidek. Aurrerantzean, beraz, Espainiako Estatuak ere ez du inolako mugarik izango eduki dezakeen arma kantitateari dagokionez, NATOren aginduari jarraikiz.
"90eko hamarkadaren hasieratik Europako segurtasuna finkatu duen giltzarria da", zioen lehen Espainiako Defentsa Ministerioak, FACE itunari buruz. Hala ere, gerora ez du inolako arazorik izan NATOri men egin eta akordioa bertan behera uzteko.