EAEn 14 eta 29 urte arteko gazteek genero-estereotipoei buruz edota indarkeria matxistari buruz duten iritzia aztertu du Arartekoak. Jarrera matxistak Euskadiko nerabeen eta gazteen artean da ikerketaren izena, eta aurreko astean aurkeztu zituzten ondorio nagusiak.
Galdekatutako emakume gazteen artean, %74k soilik iritzi diote "lehen mailako arazo sozial bat" dela indarkeria matxista. Gizon gazteen artean nabarmen egiten du behera portzentaje horrek: %50 dira uste dutenak biolentzia matxista ez dela "lehen mailako arazo sozial bat", eta badirudi urtez urte handitzen ari dela iritzi hori. Txostenean nabarmentzen da indarkeria matxistaren hainbat forma "arinkeriaz" hartzen dituztela gazteek, eta "banalizatu" egiten direla.
Emakume gazteen %15ek eta gizonen %28k azaldu dute, gainera, maitasunaren erakusle bat direla zeloak. Eta mutil gazteen %18k "normaltzat" daukate bikotekidearen telefono mugikorra kontrolatzea.
Genero-estereotipoak
Ikerketak, bestalde, agerian utzi du gazteen artean indarrean jarraitzen dutela hamaika genero-estereotipok. Esaterako, galdekatutako mutil gazteen erdiak pentsatzen du emakumeek gaitasun handiagoa dutela maitasuna emateko.
Txostenak ondorioztatzen du hedabideetan eta sare sozialetan "hipersexualizatuta" dagoela gazteen irudia, eta handitu egin dela itxuraren inguruan duten kezka. Emakume gazteen artean badirudi "edertasun estandarren" ondoriozko presioa dela nagusi, eta, gizon gazteen artean, handiagoa dela beste auzi batzuei lotutako presioa; hala nola, arrakasta eta boterea erakusteko presioa.
Horretaz gain, azterketak erakutsi du neska gazteek askoz ere denbora gehiago eskaintzen diotela etxeko lanei: egunean 60 minutu gehiago, batez beste.
Pornografia 12 urtetatik
Ikerketa-txostenak seinalatzen du gazteek gero eta goizago jotzen dutela pornografiara. Mutilek, batez beste, 12 urte eta erdi dituztenean izaten dute aurreneko kontaktua pornografiarekin, eta neskek baino %20 gehiago kontsumitzen dituzte eduki pornografikoak.