AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Etxebizitzaren negozioaren aurkako manifestazioa Donostian, apirilaren 5ean.
2025/04/11 13:18

Etxebizitzaren Euskal Behatokiak egindako azken inkestak utzitako datuez ohartarazi du EAEko Kaleratzeak Stop plataformak: azterketak erakusten du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan nabarmen egin duela gora alokairu soziala eskatu behar izan duten pertsonen kopuruak. 2023ko urtarrilaren 1etik 2024ko ekainera bitartean, hemezortzi hilabeteko epean alegia, 26.000 eskatzaile berri gehiago erregistratu ditu administrazioak.

Plataforma horren arabera, datu horiek erakusten dute "gorakada izugarria" izan dela "beste modu batera etxebizitzaren merkatuan sartu ezin den" jende kantitatean, edo "alokatuta duen merkatu libreko etxebizitza eusteko zailtasun handiak" dituzten pertsonen artean. Izan ere, milaka eskatzaile berri horien barruan, %15 dira oraindik emantzipatu ez direnak eta %80 dira dagoeneko alokairuan bizi direnak.

Jadanik alokairuan bizi diren biztanle horien guztien artean, %40k diote alokairua garestitu dietela azken bi urteetan, eta %33 aldatu behar izan dira etxez, prezioari aurre egiteko ezintasunagatik. %36, gainera, herriz ere aldatu behar izan dira, alokairuen kostuagatik.

Batez beste, hilean 1.311,5 euroko soldatak dituzte 26.000 eskatzaile berriek, eta euren diru-sarreren %45 xahutu behar dute alokairua ordaintzen, nahiz eta ia erdiak jasotzen duten laguntzaren bat etxebizitzaren kostuari aurre egin ahal izateko. Kaleratzeak Stop plataformak salatu duenez, gutxi gorabehera, eskatzaile berrien erdia (13.000 lagun) daude euren etxea galtzeko arriskuan, zalantzan dagoelako ea gaur egungo alokairua ordaintzen jarraitu ahal izango duten.

EZ DAGO IRUZKINIK