Moncloak asteko
lanaldia 37,5 ordura murrizteko tramitazioa azkartzea erabaki
du, lege-aurreproiektua gaur bertan Espainiako Ministroen Kontseilura
eramateko presazko bidea aukeratu baitu. Aurreko astelehenean, Yolanda Diaz
bigarren presidenteorde eta Lan ministroak eta Carlos Cuerpo Ekonomia
ministroak akordio bat sinatu zuten Ekonomia Gaietarako Batzorde Delegatuan
(CDGAE). Neurriak errespetatu egiten du elkarrizketa sozialean
sindikatuekin hitzartutako testua, eta CEOE eta Cepyme patronalak kanpoan geratu dira, iritzita negoziazio kolektiboaren bidez adostu behar dela lanaldi-murrizketa.
Prozesua ez da tentsioetatik salbuetsita egon. Azken asteetan, PSOEren eta Sumarren arteko ezberdintasunek arauaren tramitazioa atzeratu dute. Azkenean, CDGAEren agendan sartzea onartu zuen Cuerpok, neurriak aurrera egin zezan ahalbidetuz. Lan Ministerioak positibotzat jo du urrats hori, eta lanaldiaren murrizketa "sindikatuekin egindako akordioa errespetatuz" onartuko dela azpimarratu du. Hala ere, Diazek gogorarazi duenez, PSOEk "azaldu egin behar du zergatik egin zion kontra neurri horri".
Ekonomia eta Lan ministerioen arteko akordioak bidea errazten badu ere, parlamentuko tramitazioa zaila izango dela ematen du. Diazek onartu du, oraingoz, ez dituela neurria Diputatuen Kongresuan onartzeko behar diren botoak, eta, beraz, harremanetan dago hainbat talderekin, Junts barne. Ekonomiak nabarmendu du "araua malgutu" beharko dutela, batez ere pymentzat, horiei eragingo baitie gehien neurriak. Aldi berean, Diazek bira bat antolatu du hainbat hiritan, "legea herritarrei azaltzeko eta babes soziala mobilizatzeko", sindikatuek talde parlamentarioei presioa egiteko ekintzak prestatu dituzten bitartean.
Espainiako Lan Ministerioaren kalkuluen arabera, estatuan 12 milioi behargini eragingo die lanaldi-murrizketak, urtea amaitu baino lehen. Lan Harremanen Euskal Kontseiluak dio, zehazki, sektore pribatuko 350.000 langileri murriztuko dietela lanaldia Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Erreforma onartzen bada, urtea bukatu aurretik aplikatu beharko dute lanaldi-murrizketa enpresek, eta, teorian, hori betetzen ez dutenei 10.000 eurora arteko isunak jarriko dizkie Espainiako Gobernuak.