AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2025/12/19 13:37

Gazteen Euskal behatokiak aurten argitaratu du etxebizitzari eta emantzipazioari lotutako azken txostena, eta erakusten duenez, emantzipazio-tasak behera egiten jarraitzen du bai Europar Batasunean bai EAE mailan. Azken neurketek erakusten dute 18 eta 34 urte arteko pertsonen %32,3 soilik emantzipatu direla; Europako batez bestekoa baino nabarmen gutxiago. Europa mailan, batez beste, %50,9koa da tasa.

Emantzipatzeko batez besteko adina 29,8koa da EAEn, eta Europar Batasunean 26,2koa. Europako estandarren arabera, 24,6 urtekoa da "emantzipatzeko adinik onena", baina horrekin alderatuz, beharko zuketena baino bost urte gehiago itxarotera behartuta daude EAEko gazteak, etxebizitzaren negozioa eta lan-baldintza eskasak direla medio.

Lan-baldintza kaskarrak eta langabezia

Txostenak identifikatu dituen arrazoien artean, gazteen lan-baldintzak dira faktorerik esanguratsuenetako bat. 18 eta 29 urte arteko gazteen artean soldatapeko lanean ari direnen %40k baino gehiagok dituzte aldi baterako kontratuak, eta erdia baino gehiago dira 25 urtetik beherakoen artean. Ia heren batek (%32,2) lanaldi partzialean egiten du lan; Europan baino 8,4 puntu gehiago.

Langabeziari dagokionez, 16 eta 29 urte artekoen %54,2k ez daukate lanik, eta proportzio hori %21,8ra igarotzen da adin horretatik gorakoetan. Horrekin guztiarekin, hilabeteko batez besteko soldata 1.564 eurokoa da 18 eta 34 urte arteko gazterian, eta 1.381 eurokoa 30 urtetik beherakoen artean.

Etxebizitzaren negozioak kaltetuak

Gazteen lan-baldintzekin batera, ordea, etxebizitzaren negozioak eragindako prezioak dira askorentzako emantzipatzea ezinezko bihurtzen dutenak. Izan ere, 2024an, etxebizitza bat erosteko batez besteko kostua 245.259 eurokoa izan zen EAEn, eta alokairua 819 euroan kokatu zen. Hala, batez besteko soldata daukan gazte batek hipoteka bat eskatu beharko balu, bere diru-sarrera guztien %64,2 eskaini beharko lioke etxea ordaintzeari hilabetero.

Zorpetzea %30etik gorakoa denean, "gainesfortzu ekonomiko" deitzen diote analistek. Txostenak ematen dituen zifrak, hortaz, argigarriak dira zentzu horretan: gazteen soldatek %114,2 hazi beharko lukete, etxe bat "gainesfortzurako" mugan ez erosteko; eta zer esanik ez "tentsio-gune" izendatutakoetan.

Etorkizun beltza: osasun mentala eta aitatasuna edo amatasuna

Ikerketak, bestalde, emantzipatzeko ezintasunaren berehalako ondorio batzuk aipatzen ditu. Esaterako, emantzipatu nahiko luketen hamar gaztetik lauk uste dute ezin izango dutela halakorik egin urte baten buruan; edo, emantzipatzea lortu dutenen kasuan, gurasoen etxera bueltatu behar izateko arriskua ikusten dute.

Egoera horretan bizi direnek, euren osasun mentala baloratzeko orduan, emantzipatzeko aukera dutenek baino lau puntu portzentual gutxiago markatzen dituzte. Aitatasunari edo amatasunari dagokionez, gainera, seme-alaba bat eduki nahi dutenen %32k adierazten dute ezin dutela, eta horrek lehen semea edo alaba izateko batez besteko adina 32,4 urtean kokatzen du, "adin helduko haurdunaldi" bezala ezagutzen denera hurbilduz (35 urte edo gehiago).

EZ DAGO IRUZKINIK