AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2020/10/08 17:36

Urriaren 21ean, 27an eta 29an greba egingo dute ikastetxe pribatu, publiko zein itunduetako jantokietan soldatapean lanean ari diren langileek. Lan-baldintza "inprobisatuak", langile falta eta espazio seguru zein kalitatezkoen falta salatuko dituzte, besteak beste.

Gasteizen (Araba) egindako prentsaurrekoan eman dute hiru eguneko greba honen berri. Adierazi dutenez, Hezkuntza Sailak eta jantokiak kudeatzeaz arduratzen diren enpresek ez dute behar bezala erantzun pandemia garaian, prebentziorako protokoloen eta lan-baldintza duinen urraketa jasan baitute.

Gainera, protokoloei lotutako informazioa komunikabideen edo web-orrialdeen bidez jaso izana gaitzetsi dute, eta Hezkuntza Sailari leporatu diote aurreko ikasturteetako egoeraren araberako "begirale ratio berdinak mantendu izana". 

Egoera desegonkorrak hainbat familiak izen-ematea bertan behera uztea dakarrela ohartarazi dute langileek, "inprobisatutako" baldintzek zein langile faltak izutzen dituelako, zerbitzu horren beharra izan arren. Hori guztia dela-eta, grebarako deia egin dute, lan-baldintzen defentsan eta langileen ordezkariek Hezkuntza Sailarekin elkarrizketak has ditzaten.