AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Ikasle greba, joan den martxoan.
2023/10/17 10:40

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako sektore publikoan, mobilizazio eguna izango da urriaren 24a. Hezkuntza publikoan, zehazki, grebara joko dute hezkuntza ertaineko eta hezkuntza bereziko irakasleek, garbiketako langileek eta jangeletako beharginek, hainbat sindikatuk deituta.

Ikasle Abertzaleak antolakundeak atzo jakinarazi zuenez, ikasleak ere mobilizatuko dira egun horretan, EAEko Hezkuntza Legearen kontra nagusiki. "Guk ere larritasunez bizi dugu hezkuntza sistemaren egoera, eta gure irakurketa plazaratzeko probestu nahi dugu ireki den mobilizazio-zikloa, bai eta urriaren 24an bertan mobilizazioak egiteko ere", azaldu dute IAko kideek.

"Gizarteko instituzio guztiak kolpatzen dituen krisi kapitalistak bultzatuta, hezkuntza sistema eraldaketa-prozesu batean murgildu zen duela ikasturte batzuk, funtsa hezkuntza bera ziklo berri baterako prestatzea izanda", ekarri du gogora IAk. Seinalatu duenez, prozesu horretan, "metodologia, eduki eta irakasgai aldaketak inposatzen" ari dira, "ikasleak Kapitalaren behar berrien arabera hezteko", eta, gainera, "hezkuntza sistemako baldintzak okerrera" doaz.

"Gizarteko instituzio guztiak kolpatzen dituen krisi kapitalistak bultzatuta, hezkuntza sistema eraldaketa-prozesu batean murgildu zen duela ikasturte batzuk, funtsa hezkuntza bera ziklo berri baterako prestatzea izanda"

Azken horri lotuta, salatu dute hezkuntza sistemak "gero eta zailtasun handiagoak" dituela "langileon beharrak asetzeko", eta horren adibide direla "azpiegitura arazoak, zerbitzuak murriztea, lan-karga handitzea", eta abar. "Gainera, kapitalismoak oinarrizko mugak ditu joera horri buelta emateko, eta datozen ikasturteetan egoerak okerrera egingo duela aurreikusten dugu", ohartarazi du IAk.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan mahaira atera den Hezkuntza Legeak, hain zuzen ere, "eraldaketa-prozesu horretan sakondu" baino ez du egiten, ikasle antolakundearen esanetan: "LOMLOEren bertsio autonomikoa besterik ez da. Konpetentzia bidezko heziketa eredu bat inposatzera dator, zeinetan edukiak pisua galduko duen eta lan-merkatuan behar diren ezaugarrien arabera moldekatuko gaituzten, bai gaitasun teknikoetan, bai eta baloreei dagokienez ere". "Ikasle otzanak, esanekoak, mugikorrak eta oinarrizko konpetentzia gutxi batzuetan formatuak nahi dituzte, eta produktu hori lortzeko, diziplinamenduan nahiz autoritarismoan oinarritutako heziketa-prozesu bat eraikitzen ari dira", gaineratu dute IAko kideek.

"Ikasle otzanak, esanekoak, mugikorrak eta oinarrizko konpetentzia gutxi batzuetan formatuak nahi dituzte, eta produktu hori lortzeko, diziplinamenduan nahiz autoritarismoan oinarritutako heziketa-prozesu bat eraikitzen ari dira"

Azpimarratu dute, bestalde, Hezkuntza Legea "pribatizatzailea" eta "proletalgoaren aurkakoa" dela. "Bere kabuz bizirautea gero eta zailagoa zaion itunpeko hezkuntza publifikatzeko apustua egiten du, beti ere, eskubide pribatu nagusienak mantentzen dituela", azaldu du IAk: "Horrela, benetako premia duen hezkuntza publikora bideratu zitezkeen baliabideak pribatua blindatzeko erabiltzen dira". Legea, hortaz, "segregatzailea" ere badela kritikatu du, eta "ikasle kapa pobreenak jasango" dituela "ondoriorik larrienak", hezkuntza publikoak "funtzio garrantzitsua betetzen" duen heinean "ikasle langileon eskolatzean".

"Lege segregatzailea da beraz, eta ondoriorik larrienak ikasle kapa pobreenak jasango ditu"

IAk gehitu du "euskararen egoerari" ere ez diola "onik egiten" EAEko Hezkuntza Legeak: "Legearen aurreproiektuan auziarekiko dagoen zehaztasun faltak, eredukako funtzionamendua indartzeak edota A zein B ereduko ikastetxe pribatuak finantzatzeak, izugarrizko kaltea ekarriko lioke euskarari".

Eta IAko kideek gogorarazi dute, gainera, "guztiz inposatu" dela Hezkuntza Legea, "ikasleon hitza ez baita aintzat hartu inongo momentuan". "Garbi gelditu da alderdi politiko instituzional guztiak elkarrekin ari direla hezkuntza miserable baterako trantsizioa diseinatzen", gaitzetsi dute.

"Garbi gelditu da alderdi politiko instituzional guztiak elkarrekin ari direla hezkuntza miserable baterako trantsizioa diseinatzen"

Nafarroari dagokionez, ikasle antolakundeak xehatu du, "lege autonomiko propiorik ez duen arren, hezkuntzaren desegite-prozesua indarrean dagoela berdin-berdin". "LOMLOE bera izango da edukien husteaz, segregazioa indartzeaz edota euskararen egoera kaltetzeaz arduratuko dena", esan du.

IAko kideek, beraz, "EAEko Hezkuntza Legeari ezetz esatera eta hezkuntzaren desegite-prozesuaren aurrean antolatzera" deitu dute, eta bide horretan mobilizatuko dira urriaren 24an. "Ezin gara eskaintzen dizkiguten ogi-apurrekin konformatu, eta, alderdi instituzionalen fartsatik kanpo, ikasle langileon interesei erantzungo dien hezkuntza ereduaren alde antolatu nahiz borrokatu behar dugu; Hezkuntza Sistema Sozialistaren alde, hain zuzen", aldarrikatu dute. Laster argitaratuko dituzte hurrengo astearteko mobilizazio deialdi zehatzak.

"Ezin gara eskaintzen dizkiguten ogi-apurrekin konformatu, eta, alderdi instituzionalen fartsatik kanpo, ikasle langileon interesei erantzungo dien hezkuntza ereduaren alde antolatu nahiz borrokatu behar dugu"

EZ DAGO IRUZKINIK