2016ko urtarrilaren 13an izan zen Ezpala Gaztetxearen desalojoa Tolosan (Gipuzkoa). Hustea salatzeko, mobilizatzera deitu zuen Tolosako Gazte Asanbladak, eta manifestazio jendetsu bat egin zuten urtarrilaren 16an. Mobilizazioan zehar, Limousin izeneko etxea birjabetu zuten gazteek, Gaztetxe bat beharrezkoa zela aldarrikatzeko. 40 bat gaztek harresi bat osatu zuten kanpoaldean, espazio berria babesteko, baina Ertzaintzak gazteen kontra jo zuen: bortizkeria handiz bota zituen handik, banan-banan. Desalojoan hainbat lagun zauritu zituzten poliziek, eta isunak jarri zizkieten gerora 50 pertsonari.
Kolektibo ugariren babesarekin, gertatutakoa salatzeko eta Gaztetxe bat aldarrikatzeko mobilizazio gehiago izan ziren hurrengo asteetan. Martxoaren 19an beste eraikin bat birjabetu zuen asanbladak Tolosako erdigunean, Gaztetxe bilakatzeko, baina egunean bertan hustu zuen Poliziak. Handik hiru urtera, 2019ko apirilean (eta borrokaren ondorioz auzipetutako gazteak absolbituak izan ostean), berriz okupatu zuten Ezpala Gaztetxea izandakoa. Zabalik eta martxan jarraitzen du gaur egun.
Ondoko bideoa egin du Langile Kontrolpeko Espazioen Defentsa Komunitateak, gertakariak oroitzeko:
#GaurkoEgunez duela 9 urte Tolosako Limousin etxea desalojatu zuen Ertzaintzak. Ezpala Gaztetxearen desalojoa salatzeko manifestazioan Limousin etxea okupatu eta harresi bat osatu zuten gazteek espazioa defendatzeko, borroka ziklo bati hasiera emanez. pic.twitter.com/zJJcex0yqT
— Defentsa Komunitatea (@defentsakom) January 17, 2025