Aeronautika sektoreari lotutako enpresa bat da MTorres, eta jakinarazi du 164 langile kaleratu nahi dituela enplegu-erregulazio espediente baten bidez. Dorreko (Nafarroa) lantegian izango lirateke kaleratzeen erdia baino gehiago; hain zuzen, 89. Guztira 432 beharginek jarduten dute planta horretan.
Langileak kanporatzea justifikatzeko bi arrazoi aipatu ditu MTorres enpresako zuzendaritzak: COVID-19ak larriagotu egin duela aeronautika sektorean 19an hasi zen "egiturazko krisia", eta "egoera politikoak" zaildu eta oztopatu egin duela zenbait herrialdetara esportazioak egitea, esaterako, Txinara edo Errusiara.
Atzera-kontua martxora arte
Zuzendaritzak martxoaren 15erako iragarri ditu kaleratzeak. Gainera, enpresako 232 behargini aldi baterako enplegu-erregulaziorako espedientea ezarriko diela ere jakinarazi du, indarrean egongo litzatekeena martxoaren 15etik abenduaren 31ra bitartean. Dorreko lantokikoak dira txostenaren eraginpean egongo diren langileetatik 185.
Nafarroako planta horretan CCOO sindikatuak du gehiengoa, eta langile batzordeko presidenteak adierazi du "kaleratzeak borondatezko irteerekin edo aurretiko erretiroekin ordezkatzeko lan egingo" duela CCOOk.