Donostian (Gipuzkoa) izaten ari diren "jarrera arrazista, klasista eta faxistek kezkatuta", agerraldi bat egin dute gaur hiriko ia 40 eragile sozialek eta politikok, adierazpen bateratu bat aurkezteko. Idatzia sinatu dute, hain justu, ondoko kolektiboek: Euskal Herriko Kontseilu Sozialista (EHKS), Gazte Koordinadora Sozialista (GKS), Itaia Emakumeon Antolakunde Sozialista, Ikasle Abertzaleak (IA), Amara Berriko Ilunki Elkartea, Askapena, Aske, Basajaun Elkartea, Bilgune Feminista, Birunda, Bizilagunekin plataforma, Donostiako Ehgam, Donostia Palestina, Donostiako Piratak, Donostiako Transmaribollo Asanblada, Egia Bizirik, Egiako Polloe Bizirik Gazte Asanblada, Ernai, Erratiko Camino, ESK sindikatua, Guztiontzako Egia Auzotar Sarea, Hiritarron Harrera Sarea, Infernua Bizirik, Intziri, Kaleko Afari Solidarioak, Kaxilda, Komite Internazionalistak, Letaman Gaztetxea, Martutene Bizirik, Ongi Etorri Errefuxiatuak, Palestinarekin Elkartasuna, Piztu, Sare Antifaxista, Saretxe, Sarroeta Auzo Elkartea, Txago eta Txantxarreka Gaztetxea.
Donostian arrazakeria eta faxismoari ez hartu dute lelotzat, iritzita "azken hilabeteetan gaiak dimentsio berri bat hartu duela": "Pertsona arrazializatuen eta, batez ere, bazterketa egoeran daudenen aurkako biolentzia inoiz baino gordinagoa eta sistematikoagoa da eta, horrekin batera, kolektibo horren aurkako kriminalizazioa orokortzen ari da".
Horren adierazle modura aipatu dituzte Donostian bertan azken hileetan izan diren hainbat gertakari, baita ohiko hainbat egoera ere: "Martuteneko bizilagun batzuek etorkinak jipoitzeko taldeak sortu dituzte, jipoiak orokortu dira eta hainbat heriotza mehatxu egin dituzte"; "segurtasun pribatuko langileek, udaltzainek zein ertzainek modu arbitrario bezain sistematikoan etorkinak jipoitu, identifikatu eta lapurtu egiten diete"; "zenbait komertziotan sartzeko betoak orokortu dira"; "margoketa faxistak ikusten dira hiriko hainbat txokotan"; "Telegram eta Instagram kontuak pertsona arrazializatuen aurpegiak argitaratzen eta biolentziarako deiak eginez", eta abar.
Atzamar akusatzaileak
Gaurkoan elkartu diren kolektiboen esanetan, asko dira "arazo guztien errua, eta bereziki, 'segurtasun falta', etorkin eta pertsona arrazializatuei leporatzen saiatzen direnak". "Diskurtso faxisten" eta "mezu xenofobo eta arrazisten" bidez, "etorkinak etsai gisa seinalatzen dituzte", agerraldian nabarmendu dutenez. Horren adibide modura aipatu dituzte pertsona migratuei buruz sortutako hamaika mito; hala nola, "delituak egitera datoz, haien herrialdera itzul daitezela, atxilotu eta berehala askatzen dituzte, dirulaguntzen bila etortzen dira", eta abar.
Ohartarazi dute, gainera, "diskurtso horien jopuntuan nagusiki" daudela "Afrika iparraldetik etorritako kideak"; "Atzerritartasun Legea eta islamofobia direla medio, erabateko bazterketa egoeran aurkitzen direnak". "Diskurtso horiek, justuki, egungo arazoen erroa tapatzeko balio dute; hain zuzen ere, kolonialismoak eta kapitalismoak sortzen duen miseriazko egoera", aipatutako eragileek gaineratu dutenez.
Salatu dute "egungo ezegonkortasun egoerak jarrera atzerakoi zein faxistak indartu" dituela: "Bertakoen ongizatearen aitzakiapean, sektore pobreenen aurkako zapalkuntza justifikatzen dute, [...] Pobrezia orokortuari aurre egin eta erantzuleak seinalatu beharrean, prozesu horren konplize bilakatu nahi gaituzte, 'azpian' daudenak zapaltzeko deia eginez".
Erantzuleak eta aterabide faxista
Ikuspegi arrazista eta faxista hori "makineria oso batek indartu" duela gogorarazi dute, bestalde. Uste dute "El Diario Vasco bezalako komunikazio-kanalak kolektibo horren aurkako ofentsiba mediatikoaren abangoardia" direla, eta "eragin zuzena" dutela iritzi publikoan. Horri lotuta, "Polizia eta sistema judiziala" jo dituzte "borrerotzat", eta alderdi politiko parlamentarioak "egoeraren kudeatzailetzat".
"Bizi dugun gatazka sozialari eusteko instituzioek dituzten mugak garbiak direla" esan dute agerraldian batu diren eragileek; eta, "hein handi batean, horrek proposamen politiko atzerakoiei ateak irekitzen dizkiela". Uste dute, hala, "garbiketa-politika" baten parte direla "La Sirena bezalako harrera-etxe bat turismora bideratzea, 300 pertsona baino gehiagoren otorduak herri-ekimenen bidez bermatu behar izatea, edota Poliziak espazio publikoan erabiltzen duen une oroko indarkeria fisiko eta psikologikoa".
Kezkaz oroitarazi dute "aterabide faxista-atzerakoiak" gero eta indar handiagoa duela, eta neurri bortitz ugari ari direla mahaira ateratzen eta exijitzen; esaterako, "etorkinen kanporaketa, mugen itxiera, polizien areagotzea" eta abar. Aldarri horien aldeko "mobilizazio hiritarrak" eta "eskuin muturreko alderdien kale-mobilizazioa" ere ari dira izaten, eta gogoan izan dituzte, adibidez, "PP alderdiak Egian antolaturiko elkarretaratzea zein Juventud Combativa antolakunde faxistak sareetan zabalduriko bideoa".
Arrazakeriaren eta faxismoaren kontra, antolakuntza
"Egoeraren gordintasuna ikusirik, ezinbestekoa da mugimendu zein diskurtso faxistei arnasgune bat bera ere ez uztea eta jarrera atzerakoiak arbuiatzea", aldarrikatu dute agerraldian. Beharrezkotzat jo dute, beraz, "egiturazko pobreziari aurre egitea eta bazterkeria betikotzen duen Atzerritartasun Legearekin zein 'garbiketa-politika' ororekin amaitzea". Dena den, "instituzioen mugak kontuan hartuta", uste dute hil ala bizikoa dela "rol aktiboa" izatea eta "kale mailako antolakuntzan sakontzea"; "bai faxismoari ateak ixteko, bai pobreziari aurre egiteko". Funtsezko zeregin bati egin diote azpimarra, bide horretan: "Antolakuntza eta kultura antierrepresibo, antiarrazista eta antifaxista indartzea".