Aurreko ostiralean, Donostiako (Gipuzkoa) Manteon, hainbat gazte migratzaile bota zituzten haiek eraikitako txaboletatik. Kaleko Afari Solidarioek eta Hiritarron Harrera Sareak azaldu dutenez, EAJ buru duen udalak "aurrez abisurik eman gabe" agindu zuen etxegabetzea, eta lankidetzan aritu ziren polizia-indarrak operazio horretan: Donostiako Udaltzaingoak, Ertzaintzak eta Espainiako Poliziak besoz beso jardun zuten, gazteek eraikitako infraetxeak botatzen. Ez dute zehaztu zenbat pertsona bizi ziren txabola horietan.
Bi kolektiboek gogor salatu dute Poliziak gazte horien "ondasun apurrak" suntsitu eta eraman izana, gogoraraziz ez daukatela non hartu babes, eta "kanpin-dendetan edo antzekoetan" jarri behar izaten direla, "ahal duten lekuan". Udalari exijitu diote "gazteen jazarpena eten" dezala: "Ez ditzatela beraien gauzak lapurtu, ezta beraien dendak txikitu ere". Manteon gertatutakoaren harira, agerraldi bat egingo dute bihar, ostegunez, Donostiako udaletxe aurrean.