AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / Donostitik.com
2025/02/19 22:54

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak baieztatu duenez, Karen Daniela Agredo Palacioren atxiloketa ikertzen ari da. Ertzaintzak Donostian (Gipuzkoa) atxilotu zuen 32 urteko emakumea otsailaren 1ean, eta horren ostean ospitaleratu behar izan zuten: garuneko hemorragia diagnostikatu zioten. Iturri ofizialen arabera, Ertzaintzaren Kontrol eta Gardentasun Batzordeari helarazi diote kasua, "gertatutakoa argitzeko".

Gertakariak hiriko erdiguneko diskoteka baten irteeran izan ziren. Kolonbiako El PaĆ­s egunkariak jasotako testigantzen arabera, bere bikotekidea atxilotzen ari zirela esku hartu zuen emakumeak. Une horretan, agente batek bultza egin zion eta lurrera erori zen Karen Daniela, burua kolpatuz eta konortea galduz. Bere senideek salatu dutenez, ondoren ertzain-etxera eraman zuten eta eraso gehiago jasan zituen han, zenbait ordu geroago ospitaleratua izan aurretik.

Parte medikoak lesio larriak deskribatzen ditu, garuneko hematoma barne. Emakumeak alta jaso badu ere, haren familiak eta mugimendu sozialek adierazi dute kezkatuta daudela Ertzaintzaren jarduerarekin. Erasotua izan zen pertsonak salaketa bat jarri du, eta, teorian, martxan da Ertzaintzaren barne-ikerketa.

Neurririk ez ertzainen aurka

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak, Bingen Zupiriak, esan du ez dutela inolako neurririk hartu hilabetearen hasieran Karen Danielari eraso zioten ertzainen aurka. "Gauzak ondo edo gaizki egin izanaren inguruko segurtasun edo ziurtasunik ez dugun bitartean, uste dut ezin dugula erabakirik hartu", azaldu du Zupiriak, eta gaineratu du bere sailaren ardura dela bai ertzainentzat "ahalik eta baldintzarik onenak" ziurtatzea bai "esku-hartze guztiak ezarritako prozeduren arabera garatzea".

EZ DAGO IRUZKINIK