AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2023/04/21 08:46

Legez kontrako etxegabetze bat izan da berriki Donostiako (Gipuzkoa) Amara Berri auzoan. Aste honetan, etxetik bota dituzte maizter bat eta berekin zegoen pertsona bat: etxejabea eta bi matoi bertaratu ziren biak kaleratzeko. Kanpora atera zituzten euren gauzak, eta kolpeka eta indarrez aterarazi zituzten haiek. Gainera, une horretan etxean zeukaten diru guztia lapurtu zieten.

Donostiako Etxebizitza Sindikatuak eman du gertaturikoaren berri, eta gogorarazi du duela gutxi salatu duela antzeko kasu bat auzo berdinean. "Kasu honetan, etxetik botatzen saiatu ziren bizilagunak etxean jarraitzen du, nahiz eta etxegabetze bat gertatzeko aukerak jarraitzen duen", azaldu dute sindikatuko kideek.

"Horrelako egoerek argi adierazten dute jabeek duten inpunitatea nahi dutena egiteko", salatu dute: "Legea, epaileak eta polizia haien alde edukita ere, ez dute lege horiek urratzeko inolako arazorik maizterrak etxetik botatzeko balio badie, biolentzia fisikoa erabiltzeraino". Etxejabeen "inpunitatea gelditzeko", beharrezkotzat jo dute haiei "aurre egingo dien antolakuntza indartzea"; "etxebizitzaren auzia, kasu isolatu bat izatetik haratago, langile klasearen arazo bat delako".

Kontzentrazioa, gaur

Azken gertakariak direla-eta, protestara deitu dute. Etxebizitza Sindikatuak elkarretaratze bat antolatu du gaurko, ostiralerako, Etxegabetzeak gelditu. Jabeen praktika mafiosoen aurrean, autodefentsa sozialista antolatu! lelopean. 19:00etan izango da protesta, Irun plazan.

EZ DAGO IRUZKINIK