AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2023/03/27 11:53

Bere etxetik kanporatua izateko arriskuan dagoen bizilagun baten egoeraren berri eman du Donostiako (Gipuzkoa) Etxebizitza Sindikatuak. Amara Berri auzoan bizi da emakumea duela hainbat hilabetetatik, legez kontra azpialokatutako etxebizitza batean. Etxearen jabeak, legez, pertsona bati alokatzen dio etxea; pertsona hori, ordea, ez da etxean bizi une honetan. Horren ordez, hirugarren bati alokatzen dio jabetza: orain etxegabetua izateko arriskuan dagoen pertsonari, hain zuzen ere.

Azpierrentatzaileak, orain, hirugarren pertsona hori kanporatu nahi du. "Presioa egiten hasi zitzaion etxetik joan zedin", azaldu du Etxebizitza Sindikatuak. Emakumeak berak jakinarazi duenez, duela gutxi, bera lo zegoela sartu zen etxera azpierrentatzailea, giltzak baititu. Orduan erabaki zuen maizterrak Etxebizitza Sindikatuarekin harremanetan jartzea.

Hurrengo arratsaldean, emakumea kalera irten zenean, berriz sartu zen etxera azpierrentatzailea. Kanpora atera zituen maizterraren gauza guztiak, atarira, eta ateko sarraila aldatu zuen. Maizterrak etxera sartzea lortu zuen hala ere, baina hurrengo egunean hirugarren aldiz bertaratu zen etxera azpierrentatzailea, kaleratzea gauzatzeko asmoz berriz ere. Orduan, gainera, polizia-indarrekin hurbildu zen: azpierrentatzaileak gezurra esan zien, eta okupazio bat salatuz hots egin zien.

Azken kaleratze-saiakera horretan Etxebizitza Sindikatuko kide bat ere bertaratu zen, eta etxegabetzea behin-behinean geratzeko esku hartu zuen, sindikatuak adierazi duenez. Etxearen legezko jabeekin hitz egiten saiatu ziren, errealitatean etxean bizi den maizterraren egoera erregularizatzen saiatzeko, "baina arrakastarik gabe", sindikatuko kideen esanetan. Emakumeak, beraz, etxetik kaleratua izateko arriskuan jarraitzen du gaur-gaurkoz.

Etxebizitza Sindikatuak esan du bere esku dagoen guztia egingo duela maizterra etxean gera dadila lortzeko "edo aukera hobe bat aurkitzeko", eta deialdietara adi egoteko eskatu du.

Baldintzak eta bortxazko kanporatzeak

"Gero eta errentatzaile gehiago dira era guztietako presioa gauzatu eta maizterrak indarrez kanporatzen saiatzen direnak", salatu du Gipuzkoako hiriburuko Etxebizitza Sindikatuak. "Argi dago egoera horien aurrean antolatzea dela irtenbiderik eraginkorrena", aldarrikatu du.

Bestalde, ohartarazi du "alokairuaren merkatua gero eta eskuraezinagoa dela proletalgoarentzat": "Errentatzaileek, euren irabaziak handitzeko, prezioak igo eta bete ezin daitezkeen sarbide irizpideak ezartzen dituzte, hala nola, hiru hilabeteko abalak eta filtro arrazistak". Sindikatuko kideek horren ondoriotzat jotzen dute "proletalgoari kalitate okerragoko etxebizitzetan sartzea baino ez geratzea eta, gainera, askoz prekarioagoak diren modalitateetan".

"Antola gaitezen jabeen inpunitatearen aurka eta doakoa, kalitatezkoa eta unibertsala izango den etxebizitza bermatzen duen gizarte baten alde", egin du dei berriz Etxebizitza Sindikatuak. Iazko azaroan aurkeztu zuten Etxebizitza Sindikatua Donostian.

EZ DAGO IRUZKINIK