Datorren hilean beteko ditu bi urte Donostiako (Gipuzkoa) Zentro Sozialistak, eta apirilaren 12an ospatuko dute urteurrena. Hainbat ekimen antolatu ditu horretarako Donostiako Kontseilu Sozialistak, arratsaldetik hasi eta gauerdira arte luzatuko direnak. Hain zuzen ere, 16:00etarako jarri dute hitzordua, eta auzoen arteko herri-kirolekin irekiko dute egitaraua. Horren ostean, 18:00etan, Zentro Sozialistako arte gela aurkeztuko dute jendaurrean, Markoa apurtu ikus-entzunezkoaren proiekzioarekin. Jarraian, Kinkyteto taldearen emanaldia eta jam session bat izango dira.
Emanaldi gehiago ere eskainiko dituzte gauean: bertso-afaria egingo dute 21:00etatik aurrera, Lurdes Ondaro eta Mikel Iturriotz bertsolarien eskutik, eta kontzertua izango da 23:00etan hasita. Herenegun, Indabe eta ZKN Brothers taldeak arituko dira.
Donostiako Kontseilu Sozialistak 2023ko apirilean jakinarazi zuen Zentro Sozialista bat ireki zuela Egian, "antolakuntza baliabide gisa eta proletalgoaren autodefentsa espazio gisa". Zentroa husteko prozedura judiziala abiatu zuen, ordea, eraikinaren legezko jabeak: Sukia enpresa. Horiek horrela, gogor egin zuten borroka Kontseilu Sozialistak eta Langile Kontrolpeko Espazioen Defentsa Komunitateak, Euskal Herri osoan barrena, eta lortu zuten Sukiak bertan behera uztea Zentro Sozialistaren kontrako prozedura. 2023ko abenduan azaldu zuten, egindako borrokari esker, zentroa egonkortzea lortu zutela.