AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2025/04/13 15:04

Bi urte bete ditu Donostiako (Gipuzkoa) Zentro Sozialistak. Urteurrena ospatzeko, egitarau zabal bat antolatu zuten atzoko egunerako, arratsaldetik hasita. 16:00etarako jarri zuten hitzordua, eta auzoen arteko kirol-desafio batekin eman zioten hasiera egitarauari. 18:00etan, Zentro Sozialistako arte gela aurkeztu zuten, Markoa apurtu ikus-entzunezkoaren proiekzioarekin; eta, horren ondoren, Kinkyteto taldearen kontzertua eta jam session bat izan ziren.

Gauean 150 bat lagun elkartu ziren bertso-afarian; Lurdes Ondaro eta Mikel Iturriotz ibili ziren kantuan. Horren ostean, eguna amaitzeko, musika emanaldi gehiago izan ziren: Indabe, Herenegun eta ZKN Brothers taldeak aritu ziren.

Goizean, gainera, Euskal Herriko Kontseilu Sozialistaren (EHKS) hitzaldi bat izan zen Zentro Sozialistan, gerra inperialistari buruz: Zergatik mobilizatu Europako estatuen berrarmatzearen eta gerra inperialistaren aurka. Eta, horretaz gain, Palestinaren alde, elkartasun-argazki bat ere atera zuten urteurrenaren barruan.

Donostiako Kontseilu Sozialistak 2023ko apirilean esan zuen Zentro Sozialista bat ireki zuela Egia auzoan, "antolakuntza baliabide gisa eta proletalgoaren autodefentsa espazio gisa". Eraikinaren legezko jabeak, Sukia enpresak, desalojo-prozesuari ekin zion berehala, baina gogor egin zioten aurre Kontseilu Sozialistak eta Langile Kontrolpeko Espazioen Defentsa Komunitateak. Desalojoa bertan behera geratzea eta zentroa egonkortzea lortu zuten hala.

EZ DAGO IRUZKINIK