Donostiako (Gipuzkoa) Artzai Onean kanpatuta jarraitzen dute ehunka gaztek, eta erdigunea hartu dute gaur arratsaldean, Palestinaren askatasuna aldarrikatzeko eta, zehazki, Europar Batasunak eta NATOk genozidioan duten erantzukizuna salatzeko. Palestina askatu. Israel genozida! Europar Batasuna eta NATO konplize lelopean egin dute manifestazioa erdiguneko kaleetan barrena.
Artzai Onaren atzeko aldetik hasi da mobilizazioa, eta Trinitate Plazaraino eraman dituzte aldarriak. Ibilbidean zehar, PSOEren egoitza aurrean geratu dira manifestariak, Espainiako Gobernua sarraskiaren konplize gisa seinalatzeko. Kutxabank ere markatu dute, sionistekin negozioak egiteagatik.
"Ezin da genozidioa ulertu NATOk eta Europar Batasunak horretan duten rola aintzat hartu gabe", ohartarazi dute berriz gaurko mobilizazioan: "NATOk Ekialdean dituen interes estrategikoentzako funtsezkoa da Israelgo Estatuaren existentzia. Gauzak horrela, Israelgo Estatua legitimatzen dute, laguntza diplomatikoa ematen diote eta armaz hornitzen dute". Horregatik guztiagatik esan dute Europako erakundeak ere "genozidioaren arduradun" direla.
PSOE eta Kutxabank, errudun
Bereziki salatu dute PSOEren eta Kutxabanken parte-hartzea. Espainiako Gobernuaren buru den alderdiaren "hipokrisia" gaitzetsi dute, iritzita "Palestina estatu gisa aitortzeak asko daukala elektoralismotik, eta gutxi palestinar herriari babesa ematetik". "Espainiako Estatuak Israeli babesa ematen jarraitzen du, harreman komertzialak mantentzen ditu eta ez dauka harremanak mozteko asmorik", esan dute.
Gobernuez gain, oroitarazi dute "Mendebaldeko enpresari handiek Israelekin harreman ekonomiko indartsuak" dituztela eta "sekulako negozioak" dituztela; "besteak beste, puntako teknologia-enpresekin kolaboratuz, palestinar lurren kolonizaziorako azpiegiturak eginez edota armagintzako proiektuetan parte hartuz".
Azpimarratu dute Euskal Herriko enpresek ere "milioika euroko negozioak" dituztela sionistekin, eta "era ezberdinetan kolaboratzen" dutela estatu sionistarekin; hala nola, CAFek eta Kutxabankek.
Bihar ere kalera
Mobilizazioaren bukaeran, nabarmendu dute beharrezkoa dela "kaleko mobilizazioa" Palestinako sarraskiaren eta kapitalisten gerren aurka, baita "Europar Batasunaren ardura seinalatzea" ere. Dei egin diete "gazte orori zein Israelen sarraskiaren aurka dagoen jende guztiari" kanpaldira eta bestelako mobilizazioetara batzera.
Gaur ere kanpaldian jarraituko dute ehunka lagunek, eta gaueko egitarauan parte hartuko dute hainbat artistak: J Martinak, Anarik, Mateo Zikitak eta CaliƩk.