Donostiako (Gipuzkoa), Irungo (Gipuzkoa) eta Hernaniko (Gipuzkoa) udalek hainbat pertsona kanporatu nahi dituzte gizarte-zerbitzuetako larrialdi-etxeetatik, kale gorrian uzteko. Hala salatu dute Donostiako, Bidasoko eta Buruntzaldeko Etxebizitza Sindikatu Sozialistek, agerraldi baten bidez.
Azaldu dute udalaren jabetzakoak direla huste arriskuan dauden pisu horiek. Udal-erakundeek hiru eta sei hilabete arteko epe bat ematen diete muturreko egoeran dauden pertsonei eta familiei, beste bizitoki-alternatibarik ezean, etxe horietan egoteko. "Denok dakigu, ordea, hiru-sei hilabetean merkatu libreko alokairu bat ordaintzeko gaitasuna ez dela eskuratzen, eta behin epe hori pasatuta, familiaren egoera dena delakoa izanda ere, pisu horietatik botatzen dituzte", ohartarazi dute Etxebizitza Sindikatu Sozialistek.
Argitu dute, gainera, hiru alderdi desberdin daudela udal bakoitzeko alkatetzan: EAJ Donostian, PSE-EE Irunen eta EH Bildu Hernanin. "Agintean dagoen alderdia dena delakoa izanda ere, familia bana etxegabetua izateko arriskuan dago", diote. Horren kontra, lanean ari dira hiru sindikatuak: helegiteak aurkeztu dituzte eta erakunde publikoetan presioa egin dute, baina oraindik ez dakite zein izango den horren emaitza.
Sindikatuetako kideek, hala, hiru ideiari egin diete azpimarra: ez dela "kudeaketa arazo bat", "administrazio guztiek oso antzeko funtzionatzen" dutelako; "funtzionamendu horren oinarrian baliabide publikoen murrizketa eta miseriazko alternatibak" daudela, eta "alternatiba faltsu horiek etxebizitzaren negozioa indartzeko erabiltzen" direla. Gaineratu dute etxebizitza eskubidea bermatzeko ez dela "etxebizitzaren negozioa indartu behar", eta "udalek eskaintzen dituzten etxebizitza-alternatiba faltsuen aurrean", irtenbide argi bat aldarrikatu dute: "kalitatezko eta doako etxebizitza unibertsalaren alde antolatzea".