Donostian (Gipuzkoa) kolektibo migrante jakin batzuen kontra zabaltzen ari diren gorroto-diskurtsoaren aurrean, Polizia ere ez da isilik geratu. Urriaren bukaeran argitaratu zuen adierazpen bat Euskal Polizien Sindikatuak (ESAN), jatorri magrebtarreko pertsonak kriminalizatuz eta polizia-indarren lan errepresiboa aldarrikatuz, kolektibo etorkinen aurkako jarduna barne.
Gipuzkoako hiriburuan izan diren azken gertakarien harira hartzen du hitza ESANek, bere jarrera intoxikatzailea hasieratik argi utzita. Sindikatuko poliziek esaten dute euren oharra ez dela "immigrazioaren kriminalizazio bat", baina "gertakariek erakusten" omen dutela "kolektibo jakin batzuk delitu-jokabideei lotuta egoten direla maiz". Iritzi diote, hala, "minimizatu" egiten dela Kaleko Afari Solidarioetan ustez "arau-hausteak" egiten dituztenen "erantzukizuna".
Kaleko Afari Solidarioei udalak jarritako debekua eta pertsona migranteen aurkako protesta erreakzionarioak salatu dituztenei hitz egiten die ESANek, zuzenean: "Euren mundu paraleloan, bizikidetza-arauak aplikatu eta guztien ongizatea ziurtatu beharrean, Donostian, bidegabe jazartzen dira espazio publikoaz gozatu nahi duten 'argi-izaki' gisa tratatu behar omen diren horiek".
KAS eta pertsona magrebtarrak jopuntuan
Bere gorroto-diskurtsoa indartzeko, polizien sindikatuak ulertzera ematen du Kaleko Afari Solidarioetara jotzen duten pertsonen artean jatorri magrebtarreko gizon gazteak direla nagusi, eta arazo modura aurkezten du hori. Izan ere, gai desberdinak erabat nahasiz, gaineratzen du lapurretei lotutako delituak egiten dituztenen %80 omen direla jatorri magrebtarrekoak.
Hori gutxi balitz, ESANek sinetsarazi nahi du begi onez ikusten duela Donostian "nazionalitate aniztasuna" egotea, eta azpimarratzen du jatorri desberdineko komunitateen artean "zati txiki batekin" izaten direla "etengabeko arazoak".
Poliziaren jardunaren defentsan
Bestalde, ironiaz seinalatzen ditu pertsona etorkinen kontrako jazarpenagatik polizia-indarrei egin zaizkien kritikak. "Agenteek badakite nortzuk diren delitugileak", dio ESANek: "Ez da etnia edo nazionalitate bati zuzendutako 'jazarpena', askotan errepikatzen diren arau-hausteen kontrako esku-hartze justifikatua baizik".
"Poliziak, ordena bermatu ez ezik, espazio publikoaz guztiek gozatzea ahalbidetzen du, beldurrik gabe eta lasaitasun-giro batean", aldarrikatu dute poliziek. "Barregarria eta eldarniozkoa iruditzen zaigu gure auzoetan Polizia soberan dagoelako ideia hori, izan ere, modu zuzenean dioten moduan, bizikidetza- eta errespetu-arazo guztiak bakar-bakarrik desagertzen dira. Nahikoa da beste aldera begiratzea, eta zas! Gatazkak desagertu egiten dira", gaineratu dute ironiaz. Modu horretan, jazarpen poliziala salatzen duten ahotsak irrigarri uzten saiatu da ESAN.
Elkartasun-afariei legitimitatea kentzen
Kaleko Afari Solidarioei buruz mintzatzean, ekimen hori ere barregarri utzi du ESANek, modu ironikoan: "Ehun soziala eraldatzeko, 'afari solidarioen' indar izugarria gure alde edukitzeko zortea dugu. Aire librean eta 'elkartasun'-giro ezin hobean egindako afariekin, dena konpontzen dugu. Eta Polizia esku hartzera ausartzen bada, ba, noski, bilkura zintzo horiek suntsitu nahi dituelako besterik ez da".
Oharra bukatzeko, "AUZOAREN, letra larriz," izenean hitz egin nahi izan du polizia-sindikatuak: "AUZOAK udalaren jokaera [Kaleko Afari Solidarioei jarritako debekua kasu] eta udaltzaingoaren dispositiboa eskertu ditu".