Unibertsitatean ere hasi da ikasturte berria, baina Unibertsitateko Indar Batasunak (UIB) salatu du betiko "arazo berdinak" jasaten jarraitzen dutela ikasleek: "matrikulen prezioak, azpiegitura-arazoak, garraioaren zein etxebizitzaren gastuak, eta abar luze bat". Bere horretan betikotzen diren arazo horiek guztiek erakusten dute, UIBren esanetan, gaur egungo unibertsitateak ez diola erantzuten "ikasleon interesak" lehenesten dituen eredu bati. Horixe bera da, esaterako, Euskal Herriko Unibertsitatearen (EHU/UPV) kasua.
UIBk EHUren errektoretza seinalatu du unibertsitate-sare publikoko egoeraren erantzule nagusi modura: "Nahiz eta publikotasunaz hitz egin eta ikasleon aldeko politikekin ahoa bete, ez du borondaterik egoera aldatzeko. Egoera hobetzeko ezer ere egiten ez duten bitartean, egunero, EHUko milaka ikasleok izugarrizko presio ekonomikoa jasaten dugu unibertsitate publikoan ikasi ahal izateko".
Presio horren adierazle da, UIBko kideek nabarmendu dutenez, hainbeste ikaslek uztartu behar izatea ikasketak eta soldatapeko lana, edota hamaika familiak euren aurrezkiak xahutu behar izatea, gazteek unibertsitatean ikasteko aukera izan dezaten.
Horri guztiari aurre egiteko, eta doako unibertsitate baten aldeko borrokan, ikas-baldintzak hobetzeko jarraituko du lanean UIBk; besteak beste, unibertsitateko matrikulak merkatzeko edota bekak hobetzeko. "Milaka ikasle batuz lortuko dugu, errektoretzaren hitz hutsen aurrean, unibertsitatea merkatzea eta dirulaguntzak hobetzea", aldarrikatu du. Horretan jardungo du, besteak beste, ikasturte honetan.
Kurtsoa hasi da eta betiko arazoekin jarraitzen dugu ikasleok.
— Unibertsitateko Indar Batasuna (@UIBnazionala) September 18, 2024
EHUko errektoretza da egoera honen arduradun nagusia, eta euren hitz hutsen aurrean, UIBtik ikasleak antolatzera gatoz, doako unibertsitatera bidean ikas baldintzak hobetzeko borrokatzera.
🎥💥 pic.twitter.com/3MdIlpHbBD