Itaia Emakumeon Antolakunde Sozialistak Euskal Herriko 23 hiriburu eta herritan antolatu ditu mobilizazioak aurtengo Indarkeria Matxistaren Egunerako. Biolentzia matxista borrokatzera eta sozialismoa eraikitzera deitzeko mobilizatu da Altsasu, Arrasate, Azpeitia, Azkoitia, Baiona, Basauri, Beasain, Bilbo, Donostia, Durango, Gares, Gasteiz, Gernika, Hernani, Irun, Iruñea, Lizarra, Mendaro, Ondarroa, Tolosa, Urnieta, Zarautz eta Zestoan.
Azaroaren 25a "borroka eguna" dela oroitarazi du Itaiak, eta "indarkeria matxistaren aurkako borroka lehen lerroan jarri eta matxismoarekin amaituko duen antolakuntza politikoa aldarrikatzeko" baliatu du. Izan ere, salatu du matxismoa ez dela "iraganeko kontu bat": "Indarkeria matxista egunero jasaten dugu emakumeok". Dena den, biolentzia horrek gizartean "gero eta inpaktu txikiagoa" duela azaldu du, kezkaz.
Oldarraldi erreakzionarioa
Mundu mailan muturreko eskuina eta oldarraldi erreakzionarioa "indarra hartzen" ari direla ikusita, Itaiak seinalatu du "matxismoaren normalizazioa" dakartela "ideia atzerakoi" horiek; "matxismoaren existentzia ukatzea, emakumeon aurkako mezuak zabaltzea, indarkeria matxistaren areagotzea eta abar", hain zuzen ere. "Ezkerreko ideiei eta eragileei" dagokienez, berriz, Emakumeon Antolakunde Sozialistak iritzi dio "porrot" egin dutela, "estatu kapitalista administratzen eta enpresari handien interesak lehenesten amaitu baitute".
Horrek guztiak hainbat ondorio ditu, Itaiaren esanetan: "Ideia erreakzionarioak dira gizartean nagusitasuna irabazten ari direnak". "Baztertzailetzat" jo du ideologia hori, "emakumeon eta kolektibo zaurgarrien aurkakoa" delako besteak beste. Eta matxismoa ukatzeak, gainera, "matxismoa indartzen eta normalizatzen" duela ohartarazi du.
Ideia arrazistak, polizia-indarrak eta lege autoritarioak indartzeko aitzakia
Hori gutxi balitz, Itaiak gaitzetsi du "matxismoa ukatzen duten horiek" direla gero "indarkeria matxista kasuak erabiltzen" dituztenak, zer eta "diskurtso arrazistak zabaltzeko, erasotzaileak atzerritarrak direla esanez". "Errealitateak, ordea, erasotzaileak sektore eta jatorri ezberdinetakoak direla erakutsi digu", antolakundeko kideek argitu dutenez. Beharrezkotzat jo dute, beraz, "erasotzaile ororen inpunitatearen aurka borrokatzea".
"Eskuineko alderdiek, arrazakeriarekin lotuta, segurtasun ezaz dihardute. Pixkanaka-pixkanaka gizartean beldurra eratzen ari dira, lege autoritario gehiago onartzeko eta polizia-indarrak areagotzeko baldintzak jarriz", egin dute ohar. Jakinarazi dute, baina, "gutxi lagun" diezaiekela horrek emakume langileei: "Sistema judiziala erasotuarentzat trabaz beteta dago eta, gainera, kezkagarria eta azpimarratzekoa da Poliziaren baitan dagoen erasotzaile kopurua".
Politikari profesionalen itxurakeria
Itaiak konpromisoa erakutsi du "oldarraldi erreakzionarioaren eta kultura matxistaren zabalpenari" kontra egiteko. Bestalde, "politikari profesionalen hitzontzikeria eta itxurakeria" salatu ditu Azaroaren 25ean: "Alde bateko zein besteko alderdiak gero eta politika autoritarioagoak aplikatzen ari dira. [...] promesa faltsuak egin dizkigute, kaleko mobilizazioa instituzionalizatu dute eta estatuko instituzioetan kokatu dira". Emakumeon Antolakunde Sozialistak uste du modu horretan ezin zaiola "matxismoari aurre egin, ezta faxismoaren gorakadari ere".
Indarkeria matxistarekin bukatzeko borroka
"Matxismoa betikotzen duen gizarte kapitalistaren aurrean, zapalkuntzarik gabeko gizarte aske baten alde borroka egin behar dugu", erreibindikatu du gaurkoan Itaiak. Eta gaineratu du sozialismoa eraikitzea dela "matxismoarekin behin betiko amaitzeko berme bakarra eta "norabide horretan ekarpena egin" beharko luketela "gaurko borrokek".
Itaiak gogorarazi du, hala, "gaurdanik" ari dela "indarkeria matxistarekin amaitzeko borrokan", bi frontetan batez ere: "kalean, sare sozialetan zein instituzioetan gero eta gehiago zabaltzen ari diren diskurtso matxisten eta erreakzionarioen aurka", batetik, eta "eraso ororen eta erasotzaileen inpunitatearen aurka", bestetik. "Emakumeok lehen lerroa hartu, modu independentean antolatu eta matxismoaren aurka borrokatu behar dugu", aldarrikatu du.