AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/10/11 20:05

Azken hiru urteetan, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak 3.000 eta 3.400 milioi euro artean bideratu ditu hezkuntza publikora zein pribatura. Arlo honetan Eustatek eskainitako azken datuen arabera, 2021ean, hitzartutako 3.152 milioi euroetatik 795 milioi bideratu zituzten hezkuntza pribatura (%16 soilik unibertsitateetara), eta gainontzekoa hezkuntza publikora. Agentzia beraren ikerketa batek dioenez, urte horretan bertan hezkuntza pribatuak edukitako gastua 1.164 milioira iritsi zen, eta azken horretako finantzaketaren %68,6 geratu zen zuzenean administrazio publikoaren esku.

Hezkuntza pribatuak edukitako gastua 1.164 milioira iritsi zen [2021ean], eta azken horretako finantzaketaren %68,6 geratu zen zuzenean administrazio publikoaren esku

2022ko azaroan Espainiako Estatistika Institutuak (INE gaztelerazko sigletan) eta Eustatek ateratako prentsa-ohar baten esanetan, 2021ean, EAE eta Nafarroa izan ziren hezkuntza pribatuan izena emandako ikasle bakoitzeko diru gehien jarri zutenak. Hain zuzen ere, 4.174 euro eta 3.607 euro izan ziren, hurrenez hurren. Gauzak hala, oso urrun geratzen dira Espainiako Estatuko batez besteko zifra (2.632 euro), edota zentzu horretan ekarpenik txikienak egin zituzten Madrilgo Erkidegoa (2.138 euro) eta Kanariar uharteak (1.687 euro).

Horrekin batera, urte berean hezkuntzan egindako gastu osoari erreparatuta, ikus daiteke hezkuntza arloan inbertitutakoaren %25,22 doakiola zuzenean erregimen pribatuari, Espainiako Estatuko batez bestekoa %12,6koa den bitartean. Joera horrek, aurrekoek egin bezala, lehen lerroan kokatzen du Eusko Jaurlaritza hezkuntza pribatuarekin daukan konpromezuari dagokionez.

Hari beretik tiraka, 2023ko EAEko gobernu-kontseiluan, Hezkuntza Sailak 816 milioi euroan kokatu zuen administrazio publikoak hezkuntza pribatuari (kontzertatu zein ez-kontzertatu) eman beharreko diru-kantitatea, urtebete gehiagoz joera gorakorra baieztatuz. INEk eskainitako datuetan etengabea da igoera, 2008ko krisi ekonomikoaren ondorengo salbuespen batzuk kenduta. Dena den, 2023ko Hezkuntza Legearekin bat datoz joera horiek, bertan argi azaltzen baita, hezkuntza publikoaz gain, pribatuari eman nahi zaion garrantzia.

2023ko [EAEko] Hezkuntza Legearekin bat datoz joera horiek, bertan argi azaltzen baita, hezkuntza publikoaz gain, pribatuari eman nahi zaion garrantzia

2023an bertan, 318 zentroren artean banatu zituzten arestian aipatutako laguntzak, eta gehiengoa izan ziren kontzertatuentzako. Dena den, erregimen pribatu ez-kontzertatua daukaten zentroetako askok (%85 inguru, El País egunkariak argitaratutako albiste baten arabera) jasotzen dituzte legez kanpoko kuotak, erregimen horretako zentroek ezin baitute diru publikotik finantziazio zuzenik jaso, teorian. Praktika horiek, berriro ere, EAEn, Madriden eta Katalunian dira ohikoenak, egunkariak argitaratu duenez.

Demografikoki egonkortutako eredua

Instituzioetatik alderdi ekonomikoan egindako apustuez gain, eredu pribatua bereziki errotuta dago lehen mailako hezkuntzan, bigarren hezkuntzan eta lanbide-heziketan. Euskadi.eus web-orrian emandako matrikulazioen inguruko informazioa hartuta, lehen hezkuntzan azken bost urteetan matrikulatuek %8 behera egin arren (azken hamarkadetako beherakadarik nabarmenena), egonkor mantendu da eskola pribatuetan matrikulatutako ikasleen ehunekoa; %48 inguruan. Bide beretik, derrigorrezko bigarren hezkuntzan zentro pribatuetan matrikulatutako ikasleen proportzioa %54tik %52ra igaro da; kasu honetan, baina, matrikulazioen kopuru osoa ez da ia aldatu.

Lehen hezkuntzan [...] egonkor mantendu da eskola pribatuetan matrikulatutako ikasleen ehunekoa; %48 inguruan. Derrigorrezko bigarren hezkuntzan zentro pribatuetan matrikulatutako ikasleen proportzioa %54tik %52ra igaro da

Lanbide-heziketaren barruan, eredu pribatuaren eta publikoaren arteko oreka ere bere horretan mantendu da. Egun, ikasle kopurua %10 baino gehiago igo den arren, matrikulazioen %42,8 egiten dira zentro pribatuetan, erdi mailako eta goi mailako zikloak kontuan hartuta; duela bost urte baino %2 gutxiago. Kasu honetan, Espainiako Estatuko batez besteko joerei erreparatzen bazaie, ezberdintasun nabarmenak topatzen dira. Bertan, ikusten da bost urtean zentro pribatuak %37 izatetik %52 izatera iritsi direla, eta %25eko hazkundea izan dutela ikasle kopuruari dagokionez.

EZ DAGO IRUZKINIK