Iñigo Errejonek atzo jakinarazi zuen uko egin diela Espainiako Diputatuen Kongresuan duen aulkiari eta Sumar taldean dituen kargu guztiei. X sare sozialean argitaratutako adierazpenean, azken urteetako ibilbide politikoari lotutako osasun-arazoei eta arazo pertsonalei egiten die azpimarra Errejonek, baina, horrekin batera, politikari profesionalaren tratu txarrak salatu ditu emakume batek. Ez da bakarra izan, dena den.
Kazetari batek Instagram sare sozialean egindako argitalpen bat izan zen lehenengo pausoa. Bertan agertzen ziren mezuetan, "Madrilen bizi den politikari batek" egindako tratu txarren berri ematen zuen emakume batek. "Ohartarazi zidaten emakumeei ematen zien tratuaz, baina bere posizio politikoa kontuan hartuta, ezin nuen sinetsi hori egia zenik. Beraz, hala ere jarraitu egin nuen", zioen emakumeak mezuetan. Gerora jakin zen Errejonez ari zela.
Besteak beste, "isiltasun eta axolagabekeria" bitartez egindako "zigorrak" aipatzen zituen emakume horrek, baita "sexua izateko" orduan exijitutako "praktika umiliagarriak" eta ezetzaren aurrean gizonak hartutako jarrera bortitzak ere.
Aurretik ere eman dute Errejonen tratu txarren berri. 2023ko ekainean, beste emakume batek salatu zuen X sare sozialean politikariak eraso egin ziola. Gerora argitalpena ezabatu zuen, baina edukia jaso zuen, esaterako, Público egunkariak: bere mezuetan, Errejonek ukituak egin zizkiola azaltzen zuen emakumeak. Hala ere, ez zuten politikariaren kontrako neurririk hartu ez Más Paísek ez Sumarrek, modu jakinean behintzat.
Ibilbide luzea ezkerreko espektro politikoan
Gaur egun, Errejon madrildarra Sumar taldearen parte zen. Horren aurretik, baina, Podemoseko goi-kargudunetako bat izan da: hain justu, bera izan zen 2014an alderdia sortu zutenetako bat. 2015ean eta 2016an hautatu zuten Podemoseko diputatu modura, baina 2019an dimisioa eman eta Más Madridera batu zen, gerora Más País bilakatuko zena.
2019an ere diputatu gisa hautatu zuten, Más Paísekin orduan, eta taldeko buru izan zen 2023ra arte. Sumar "koalizioarekin" bat egin zuen Más Paísek iaz, hala, Errejonek berriz lortu zuen aulki bat diputatu modura. Are gehiago: bozeramaile zen Kongresuan.