AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2023/03/02 23:49

Gero eta gutxiago geratzen da Deustuko (Bilbo, Bizkaia) jaietarako, eta Jai Batzordean Bilboko Gazte Koordinadora Sozialistaren kontrako beto politikoa mantentzen du Ezker Abertzaleak. Atzo agerraldi bat egin zuten Deustun hainbat eragilek eta norbanakok, eta modu horretan aurkeztu zuten beto horren aurrean sortutako ekimena: Deustuko jaiak denontzat.

"Auzoko jaietan parte hartzeko eskubide zabala aldarrikatzeko eta defendatzeko" jarri dute martxan dinamika, eta GKSren kontrako beto politikoa atzera bota dezala exijitu diote berriz Ezker Abertzaleari, "auzoko eragileek Jai Batzordean baldintza berdinetan parte hartzeko eskubidea" izan dezaten. "Hori horrela ez den bitartean, auzoko jaietan espazio zabalak bermatzeko lan egingo dugu", azaldu zuten atzoko agerraldian ekimena abiatu duten eragileek eta norbanakoek.

Parte izateko debekua eta oztopoak

"Independenteki antolatutako jai ereduaren alde egiten dugu, irabazi-asmorik gabeko auzoko kolektiboek antolatutakoa eta bultzatutakoa. Horrekin batera, beharrezkoa deritzogu zapalkuntza eta eraso mota orori aurre egingo dioten jai eta aisialdi espazioak eraikitzea. Jai eredu zabala, politikoki eta sozialki anitza eta parte-hartzailea aldarrikatzen dugu", azaldu zuten.

"Zoritxarrez, gaur egun ez dago horretarako aukerarik Deustuko jaietan. Izan ere, Ezker Abertzaleak ez du onartzen harekiko independentea den eragile politikorik. GKSri Jai Batzordean ezarritako beto politikoa horren adibide argia da", salatu zuten, bestalde. GKSk aurretik seinalatu izan du beto horren oinarrian "arrazoi politiko eta ideologikoak" daudela. "Ezker Abertzalearen estrategia politikoarekin bat ez egitea da beto politikoa inposatzeko arrazoia", zehaztu zuten GKSko kideek hilabete honen hasieran.

Bilboko Udalak, gainera, Ezker Abertzaleak jarritako "beto politikoa indartu" du, atzoko agerraldian bildu zirenek jakinarazi zutenez. Ezker Abertzaleak espazio publikoaren erabilera ukatu ostean, udalak ez dio jaietan espazio publikoa erabili ahal izateko inolako alternatibarik eman GKSri. "Espazio publikoaren erabilera pribatiboa sustatzen ari dira, arrazoi politiko eta ideologikoetan oinarrituta", gaitzetsi zuten atzokoan.

Beto politikoari aurre

GKSri ezarritako beto politikoari aurre egiteko hautua egin dute Deustuko jaiak denontzat ekimena osatzen duten kideek, eta egitarau propio bat antolatu dute martxoaren 18rako, Deustuko festa egunen barruan. Eguerdian ekingo diote egitarauari, Oskarbi tabernan. Bertso-bazkari bat izango da gero, eta Orkresta elektrotxaranga arituko da gero Deustuko kaleetan zehar.

Iluntzean, 19:30ean, manifestazio bat egingo dute, Done Petri plazan. Gauean, berriz, hainbat kontzertu izango dira J Martina taldearen eta Mutiko, Lil Zikuta, Hank Scorpio Lads, EHZ nahiz Gerri abeslarien eskutik. Aurrerago emango dituzte egitarauari buruzko xehetasun guztiak.

EZ DAGO IRUZKINIK